Esnatu, begiak ireki eta belarria gerturatu dut gelako leihora: euri soinurik ez. Ez zuen hotsik egiten, baina euria ari zuen. Bigarren egun hau ere euripean pasa behar! Gaurko nire asmoa Brad Pitt etxera itzuli aurretik berriz ikustea edota beste pertsona ospetsuren bat in fraganti aurkitzea zen. Asmo bera zuten goizean goizetik Maria Cristina hotelean bildu diren zaleek ere. Ez nintzen bakarra, ez!
Galdera bat nagusitzen zen guztion artean: Non da Brad Pitt? Oraindik Donostian al da edo jada joan da? Iritsi bezain laster jaso dut berri txarra: Brad Pitt joan da. Goizeko 10:30ean edo atera da Maria Cristina hotelaren atzeko atetik. Zain zituen ohiko sarreran jarraitzaile eta kazetari goiztiarrenak, baina… hura ikusi gabe geratu gara. Isilpean ihes egin du estatubatuarrak eta ezer esan gabe gainera. Zurrumurru gaiztoenek diotenaren arabera, Pitt ez omen zegoen sarrera nagusitik ateratzeko moduan. Atzoko azkeneko Coca-Colak kalte egin omen zion, antza. Bolo-bolo zebilen berria: gaua luzea izan omen zen Brad Pittentzat eta gaur goizean ajea zuela eta… Belarri fin onetatik entzun dudan beste kontu bat, ez dakit kontu hutsa ala kaleko kondaira bat den, baina tira… Goizean goiz gosaltzen bezperako arropa berarekin omen zegoen eta parranda osteko kiratsa omen zerion. Ai, ai, ai, Brad harrapatu zaitugu: ekipajean desodorantea sartzea ahaztu, alajaina!!!
Behin Brad Pitt ikusiko ez nuela onartu dudanean atzokoaz oroitzeko garaia heldu da. Pitt zen gaurko hizpide nagusia kalean, ezbairik gabe. Bakoitzak harro erakusten zituen lorturiko argazki, bideo edota sinadurak. Harropuzteko garaia zen. Jarraitzaile horietako batek atzo lorturiko Pitten sinadura erakutsi dit. Atzo aipatu bezala, sinadura sinplea zen, baina ez edonorena. Sinadura erakutsi didan emakumeak aitortu didanez, goizeko zortzietan gerturatu zen Maria Cristinara Brad Pitt iristerako lekurik onena hartzeko.
Maria Cristina inguruan ere nabari zen Brad Pitt Donostiara heldu osteko eguna zela, egun berezia zela alegia. Hotelaren eta Victoria Eugenia antzokiaren artean pantaila erraldoi bat dago bisitarien gozamenerako. Ba, aipaturiko pantailan behin eta berriz errepikatu dituzte Tarantinok eta Pittek alfonbra gorrian eginiko ibilbidea eta baita Victoria Eugeniako ekitaldiko irudiak ere. Joan bazaigu ere, Brad Pitt oraindik albiste da eta zeresana ematen jarraituko du.
Batzuk hasiak dira hurrena berriz Donostiara noiz etorriko den iragartzen… Donostia saria edo eman beharko diote berriz ere itzuli dadin!!!
Batzuk badoaz eta besteak badatoz!
Ez du atzo Brad Pittek bilduriko adina jende erakarri, baina jende andana gerturatu da Maria Cristinara Ang Lee zuzendariari ongi etorria egitera.
Ordu bata inguruan heldu da zuzendaria Donostiara. Gogoratu, Taking Woodstock, bere azken filma aurkeztera datorrela. Horiek biharko kontuak dira, ordea. Aurrez, bizpahiru minutuz egon da sinatzen eta argazkilarien eta telebista kateetako kameren aurrean gelditu da eskaileretako bidea hartu aurretik. Han zuen zain Mikel Olaziregi Zinemaldiko zuzendaria.
Maribel Verduk jaso du Zinemako Sari Nazionala
Kanpoan pertsona ospetsu gutxi zebilela eta, (Ang Lee salbu jakina) Zinemako Sari Nazionalaren ekitaldira sartu naiz ea zerbait interesgarria aurkitzen nuen. Kazetari mordoa eta Estatuko zein Euskal Herriko aktore zein politikariekin egin dut topo. Han zeuden, besteak beste, Francis Lorenzo eta Barbara Goenaga aktoreak, Odon Elorza, Angeles Gonzalez-Sinde Kultura Ministroa, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta beste hainbat.
Ekitaldia laburra, baina emozioz betea izan da. Maribel Verduk eten egin behar izan du bere hitzaldia emozioaren eraginez. Ezin izan dio negarrari eutsi eta neuri ere “oilo ipurdia” jarri zait. Oso irribartsu agertu da eta behin eta berriz konplizitate keinuak eskaini dizkie gerturatutakoei. Esker oneko hitzak izan ditu urte hauetan bere alboan egon diren lankide, lagun eta senitartekoentzat. Bejondeizula Maribel!!!
Please comment with your real name using good manners.