Gaur arte zazpigarren artearen blog honetan, zinemako albiste, iragarpen eta txutxumutxu guztien berri ematen saiatu gara orain arte, baina gaurtik aurrera, Donostiako Zinemaldia izango da protagonista bakarra.
Irailaren 18 honetan hasi eta datorren larunbatera arte, irailak 26, gure jaialdi nazioartekoenean gertatzen diren gauza bitxienak kontatzeko erabiliko dugu tarte hau, hurrengo egunetan Donostia izango baita Zinemaren epizentroa, eta hemen gertatuko baitira “gertatu beharrek” gauza gehienak. Hori espero dugu, behintzat!
Atzo, Quentin Tarantino iritsi zenean, hasi zen benetako zalaparta, eta hari horri tiraka, izugarrizko jendetza espero da gaur iluntzean Brad Pitt iristen denean. Izan ere, elkarrekin egin duten lehen filmak, Malditos bastardosek, irekiko du Zabaltegi-Perlak atala eta ikusmin itzela sortu dute protagonistek.
Brad Pitten presentzia askok nahi genukeena baino motzagoa izango da, ordea, gure artean. Zabaltegi inauguratu baino ordu eta erdi lehenago iritsiko da eta ez omen dago bere planen artean denbora gehiegi geratzea tamalez. eitb.com-ek zuzenean eskainiko dizugu Pitt eta Tarantinoren prentsaurrekoa, eta ea bertan diren kazetariek denbora gehiago geratzeko “gonbitea” egiten dioten Hollywoodeko aktore “ikusgarriari”.
Onintza Aiestaran gure lankideak bertatik bertara jarraituko ditu “eskari” eta kontu horiek guztiak eta egunero-egunero emango digu gertatzen ari denaren berri. Kalean baitabil, gora eta behera, eguzki ala euri, Maria Cristina Hotelaren eta Kursaaleko Kuboen artean dauden metro horietan gertatzen den guzti-guztia bertatik bertara kontatzeko.
Beraz, badakizu Zinemaldiaren inguruan gertatzen den guztia jakin nahi baduzu hauxe da zure txokoa! Eta noski, zu ere Donostian bazabiltza eta edozein gauza ikusten edo entzuten baduzu… horren berri ere jaso nahi dugu! Idatziguzu!!!
Hemen dituzu Zinemaldiko lehen irudiak!
Eta hemen… Zinemaldiko filmen ordutegiak!
Please comment with your real name using good manners.