Zinemaldia aurkezten duen kartela kolorez beteta dago eta antolatzaileek eurek esan dute nolabait kartel horren bidez, kolore guztien aldeko apustua egin nahi izan dutela. Ekitaldi honetako irudiak kolore guztiak ordezkatu nahi izan omen ditu. Edota hori da Zinemaldiko gida irekiz gero lehen orrian irakurri daitekeena. Errealitatea bestelakoa da ordea: kolore guztiak ez gara berdinak.
Eta esango duzue: zertara dator hori guztia? Goizean Kursaalera gerturatu naiz zegokidan akreditazioa jasotzera. Nire argazkia eta nire izen-abizenak zeramatzan txartel berde bat eman didate. Dena ongi. Nik Zinemaldiko beste kazetari bat nintzela uste nuen, guztien artean beste bat baino ez. Nire usteak erabat aldatu dira Maria Cristina hotelera gerturatu naizenean. Brad Pitten iritsiera ikustea zen nire asmoa, beste askorena bezala. Sarreran beltzez jantzitako gizon batek egiten zituen filtro lanak. Aurpegira begiratu gabe nire akreditazioaren kolore berdea ikusi eta aurrera jarraitzea eragotzi dit. Eta nik pentsatu dut nire artean: “Ez al didate ba esan kolore guztiak onartzen dituztela eta kolore guztien aldeko apustua egin dutela?” Listua irentsi eta bigarrenez kazetariei gordetako etxoletara igarotzen saiatu naiz, baina alferrik. Bigarren saiakeran behintzat, zergatik pasa ezin nuen azaldu dit: “Ez kolore horiko edota marroiko akreditazioa izan behar duzu horra pasatzeko.” Eta bien bitartean, kolore guztiak berdinak direla lau haizeetara zabaltzen…
Ez zait burua jaitsi eta errepidearen beste aldera igarotzea besterik geratu. Jarraitzaile guztiak zeuden tokira gerturatu naiz. Koska eta txoko guztiak leporaino beteta zeuden, jada. Zer uste zenuen bada, azken unean etorri eta lekurik onenarekin geratuko nintzela? Lehen ilarara gerturatzea ezinezkoa zen eta inguruko aulkietan eta loreontzietan ez zegoen zirrikiturik. Azkenean, naturak eman didan 1,72 metroko alturatik ikusi behar izan dut Pitten iritsiera aterki, argazki kamara eta zenbait bururen artetik.
Adi, Brad Pitt Donostian da eta bakarrik etorri da!
Azken egunetan asko hitz egin da Brad Pitten iritsieraz eta baita bakarrik edota familiarekin etorriko zen ere. Azkenean bakarrik etorri da. Familiako kiderik gabe etorri den arren, oso adeitsu eta sinpatiko agertu da jendearen aurrera. Egia esan, harritu egin nau bere moduko izar bat hain adeitsu agertu izana. Bost minutuz egon da jendea agurtzen, eskua ematen eta sinatzen. Hori bai, sinadura pentsatzen ez du denbora askorik pasa: hiru urteko haur baten zirriborro bat zirudien. B eta P antzeko bat ikusi zitekeen, besterik ez. Hala ere, ni neu zirriborro hori eskuan izateko gogoarekin geratu naizela aitortu behar dut. Pittek bisera beltza, eguzkitako betaurrekoak, bakeroak eta larruzko jaka beltz bat zeramatzan soinean. Oso dotore etorri da. Hala ere, beti dago bainaren bat eta nire gusturako bizar gehitxo zuen. Hor zehar entzun dudanez, film baten grabaketa baterako prestatzen ari omen da eta hori ei da bere itxura berriaren arrazoia. Dena dela, bera izateagatik barkatzen diogu.
Eguraldia, eguneko beste protagonista
Brad Pitt izan da lehen egun gris honi kolore pixka bat eman dion bakarra. Donostiako kaleetan ez zegoen disdira egiten zuen ezer. Euria goitik behera… Victoria Eugenia parean, euri zaparradatik gorde nahian zebiltzan espainiar batzuekin egin dut topo. Harrituta zeuden Donostian topatu duten eguraldi petralarekin. Alboan nuen kamerak non dauden gogoratu die, ordea: “Hau Donostia da, hemen beti egiten du euria.” Kazetariak irribarre txiki batez agurtu ditu espainiarrak, euria Donostiaren parte dela gogoratu nahian edo. Alfonbra gorriak ere babesa aurkitu behar izan du plastiko azpian. Alfonbraren kolore gorriak ez du disdira handirik egingo, harik eta Tarantino, Pitt eta enparauak bertatik igarotzen diren arte.
Iluntzean eta eguraldiak horretarako tarterik uzten badu, Quentin Tarantino eta Brad Pitt ikusi ahal izango ditugu Maria Cristina eta Victoria Eugenia arteko bidea egiten. Pitt Donostian ikusteko azken aukera izan daiteke… Estatubatuarra ikusteko aukerarik baduzue edota Zinemaldian bazabiltzate kontatu zuen esperientziak gure blogean.
Please comment with your real name using good manners.