Egun gutxi falta dira uda agurtu eta egunerokotasunera itzultzeko. Ikastetxeetako gelak haurrez beteko dira eta nagusienak lanera itzuliko dira. Irailarekin batera ere udan zehar erdi hutsak egon diren zinema-aretoak filmez eta jendez beteko dira. Ikasturtearekin batera, zure gustuko izan daitezkeen filmak iritsiko dira zinema-aretoetara Disneyren eskutik.
Irailaren 9an, espiotza lanetan aritzen diren akuriak zinema-aretoetara iritsiko dira G-Force filmean. Irailaren 2an zen estreinatzekoa baina Disneyk astebetez atzeratzea erabaki du. Beraz, gogoan izan, punta-puntako teknologia darabilten animaliatxo hauek lanean buru-belarri ikusi nahi badituzue, irailaren 9tik aurrera izango duzue horretarako aukera.
Jonathan Mostow zinegileak zuzentzen duen Los sustitutos filma irailaren 25era aurreratu da, hasiera batean urriaren 23rako aurreikusita bazegoen ere. Aktoreen zerrendan Bruce Willis eta Radha Mitchell nabarmentzen dira. Aste berean iritsiko da zinema-aretoetara Saw beldurrezko sagaren seigarren atala. Aurreko bi filmekin batera Toy Storyren abenturak 3 dimentsiotan ikusteko aukera izango duzue.
Azaroari hasiera emateko Greg Mottolaren Adventurland izango dugu ikusgai. Azaroaren erdialdera, hilaren 13an hain zuzen ere, Cuento de Navidad filma estreinatuko da zinema-aretoetan. Gabon gau berezia izango du Scrooge gaizkileak, baina benetan zer gertatzen zaion jakiteko, azaroaren 13ra arte itxaron beharko duzu.
Disney berritasunez beteta dator!: http://tinyurl.com/ksa5qz