Zorioneko dira Crepusculo sagaren jarraitzaileak. Izan ere, baliteke lau film beharrean bost izatea. Boo Boo Stewart aktore gazteak harrotu ditu balizko bosgarren atalaren gaineko zurrumurruak. Hala esan zuen Access Hollywoodi eginiko adierazpenetan: “Luna nuevaren ostean hiru film gehiago izango dira: Eclipse, Amanecer eta baliteke beste bat ere izatea.”
Asmoa Sony etxeak Harry Potterrekin egin duena errepikatzea da, kasu honetan Stephene Meyer idazlearen Amanecer liburua bitan banatzea. Meyerren laugarren liburuak bi film egiteko adina material biltzen du bere baitan. Lau liburuetan lodiena eta trinkoena da, 800 orrialde baino gehiagorekin.
Summit Entertaiment ekoiztetxeak aktore gaztearen adierazpenak gezurtatu ditu, baina ez du aukerarik baztertu: “Aktoreak frankiziarekiko eta bere rolarekiko duen garra estimatzen dugu, baina film kopuruaren gainean egin duen iruzkina ez da zuzena.” Ekoiztetxeak ikusleen esku utzi du sagaren etorkizuna: “Aukera guztiak hor daude. Hala ere, orain buruan dugun gauza bakarra Meyerren ikuspuntua ahalik eta hobekien islatzea da eta geroago ikusiko dugu ikuslegoak non bukatzea nahi duen.”
Luna Nueva datorren azaroaren 18an helduko da zinema-aretoetara. Eclipse filma grabatzen ari dira une honetan eta momentuz azken filma izango zena 2011n estreinatzea aurreikusten da.
‘Crepusculo’ren istorioak bosgarren atala izan dezake: http://tinyurl.com/menuyp