FBI primitiboaren etsai nagusia izango da Johnny Depp AEBetan hilaren 1ean estreinatuko den filmean. Michael Mannek zuzenduriko filmak banku lapur horren bizitzako azken urtea kontatuko du.
Depp John Dilingerren nortasunean barneratuko da. Aktore estatubatuarrak honela definitzen du bere pertsonaia: “Heroi existentziala zen, egunero azken lapurreta eguna zela zioen. Ez zen ukiezina, ez zen inozoa, baina etorkizunerako egitasmorik gabe bizi zen.” Aktoreak horrelako adierazpenak egin zituen Los Angelesen eginiko aurkezpenean.
Johnny Deppen iritziz, gaur egun oso zaila da mota horretako pertsonak aurkitzea: “Jendea beste mota batekoa zen lehen, bazegoen inozentzia puntu bat. Ez dakit bere antza izan dezakeen pertsonaren bat egon daitekeen, Marcos komandantea agian. Izan ere, Mexikoko indiarrak babesten saiatzen da eta gardentasunean eta inozentzian ere antzerakoa da.”
Dilingerren aurkaria Melvin Purvis FBIko agentea izan zen. Filmean Christian Bale aktoreak (El caballero oscuro, Terminator Salvation) du rol hori betetzeko ardura. Melvin Purvisek dirudi gaizkilea harrapatzeko gai den bakarra. Bale aktoreak Purvisen istorioarekiko benetako pasioa sentitzen duela aitortu zuen. Misioan zehar hainbat aldiz huts egin zuen. Azkenean, legea gailentzea lortu zuen, hala ere, FBI utzi zuen eta geroago bere buruaz beste egin zuen.
Enemigos públicos datorren abuztuaren 14an helduko da Hegoaldeko zinema-aretoetara.
Please comment with your real name using good manners.