2010etik aurrera hamar hautagai izango ditu Film onenaren Oscar sariak. Orain arte bost hautagaien artean erabakitzen zen saria. Gainerako kategorietan bost film izendatuko dira, orain arte bezala. Film onenaren saria salbuespena izango da beraz. Izendatuen kopurua igota film gehiagorengan arreta jartzea ahalbidetuko da. Izan ere, badira beste kategoria batzuetan arrakasta izan arren ia inoiz sari nagusirako hautatzen ez dituzten filmak.
Aipaturiko erabakiarekin 1920ko eta 1930eko hamarkadatan erabilitako sistemara itzuli dira, orduan ere 10 baitziren hautagaiak. 1943. urteko ekitaldia izan zen hamar finalista izan zituen azkena. Ekitaldi hartan Casablanca filmak eraman zuen Film onenaren Oscar saria. 1934 eta 1935 urteetan 12 izendatu izan ziren. Erabaki horrekin bi helburu lortu nahi ditu Akademiak: ikus-entzulearengan Oscar sarien sari banaketa ekitaldiarekiko interesa piztea eta jendea Oscarrekin identifikatzea.
Zinema akademiak zinemazaleen zenbait sektoreren kritikak jasan ditu, drama filmetan arreta jartzeagatik eta ikusle gehien hurbilarazten dituzten filmak alboratzeagatik. Horren adibide dira El caballero oscuro edota Wall-E filmak. Biek ala biek oso harrera ona izan zuten zinema-aretoetan eta oso kritika onak jaso zituzten. Hala ere, Film onenaren Oscar sarirako ez zituzten kontuan hartu.
Zifrek aurretik esandakoa baieztatzen dute. Film onenaren Oscar sarirako hautagaia zen Frost/Nixon filmak 27 milioi dolar bildu zituen aretoetan. Bien bitartean urteko film ikusiena izan zen El caballero oscuro filmak 1000 dolarretik gora bildu zituen. Argi dago oso iritzi kontrajarriak daudela zinemara joan eta sariak erabakitzen dituztenen artean. Konexio falta horrek kezka sortzen du, geroz eta ikusle gutxiagok ikusten baitute Oscar sarien sari banaketa ekitaldia.
Hurrengo ekitaldiko hautagaiak 2009ko otsailaren 2an jakingo dira eta sari banaketa ekitaldia martxoaren 7an izango da Los Angelesen.
Please comment with your real name using good manners.