Wall Streeten segidako filmeko gaizkilea izango da Javier Bardem kanariarra. Michael Douglas edota Transformers 2 filmean ikusi ahal izango dugun Shia LaBeouf aktoreekin lan egingo du espainiarrak. Wall Street filmaren bigarren atala ere Oliver Stone zinegileak zuzenduko du.
Deadline Hollywood Daily egunkariak aditzera eman duenez, Bardemek kontratua sinatu du Wall Street filmeko segidan parte hartzeko. Datorren abuztuan hasiko dira grabaketa lanak eta helburua 2010erako estreinatzea da.
Money Never Sleeps da Wall Street filmaren segidaren izenburua. Munduko krisi finantzarioak eztanda egin aurretiko testuinguruan kokatzen da filma. Gordon Gekkok bi hamarkada igaro ditu espetxean eta ondorioz finantza mundutik aldentuta geratu da. Bere lehentasuna alabarekin zuen harremana berreskuratzea da.
Alaba arrakasta handiko brooker batekin dabil. Alabaren aholkulariak bere buruaz beste egingo du iruzur batean nahastuta egon ostean. Gazteak inbertsoreari egotziko dio heriotza. Mendekua gauzatzeko bere aitaren laguntza izango du eta horri esker Wall Streetera itzuliko da.
Azkenean Bardemek Oliver Stonen filmean parte hartuko balu, kanariarraren itzulera izango litzateke Hollywoodera. Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikarraren Biutiful filmean hartu zuen parte azkenekoz Hollywoodeko produkzioan. Beste behin gaizkilearena egingo du. Izan ere, No es pais para viejos filmean Anton Chigurh gaizkilearen rola bete zuen.
Kontsulta itzazu zinemari eta zinema-aretoetako programazioari eskainitako gure txokoak.
Please comment with your real name using good manners.