Danny Boyle zine-zuzendariaren filmak 8 Oscar irabazi ditu azken edizioan eta ezagun egin da mundu osoan Slumdog Millionaire; baita bertako protagonistak ere. Horietako guztiei ez zaie, ordea, bizi patua hobetu arrakastarekin eta egoera latzak bizi dituzte egun protagonistetako batzuk.
“News of the world” egunkari britainiarrak kaleratu berri duenez, Latika neskatilaren papera egiten duen Rubina Ali 9 urteko neskatila saltzen saiatu da bere aita, 224.700 euroren truke.
Antza denez, Rubinaren familiak haurraren arrakasta mementua ahalik eta gehien luzatu nahi du, “familiaren egoera” hobetzeko. Slumdog Millionaire filmagatik 2.200 euro jaso zituen, eta orain gutxi beste hainbeste irabazi du Nicole Kidmanekin egin duen iragarki batekin. Aitak diru gehiago nahi, ordea, eta Arabia Saudiko bikote aberats baten moduan agertu zitzaizkion bi kazetariri alaba “adoptatzeko” aukera eman zien diru hori ordainduz gero.
Bombayko hotel batean egin omen zuten negoziaketa Rafiq Qureshi aitak eta Rajan More koinatuak ustezko xeke arabiarrarekin eta haren emaztearekin. Elkarrizketa horretan, Rajan Morek edozein haur txiro “adoptatzeko” aukera eskaini zion bikoteari 1.000 edo 2.000 eurogatik, baina Rubinak beste prezio bat duela esan zieten: 224.700 euro.
Kazetariek gertatua argitara eman dute orain, bideo eta guzti, eta izugarrizko polemika piztu da Britainia Handian. Umearen aitak, berriz, ukatu egin du salmenta hori egiten saiatu izana eta dena gaizki ulertze bat izan dela esan du. “Inoiz ez nuke Rubina salduko. Salaketa horiek faltsuak dira, nire izen ona zikintzeko besterik ez dute balio. Bideoan ageri den ahotsa ez da nirea” esan du Qureshik.
Duela gutxi polemika handia piztu zen, Slumdog Millionaire filmeko mutiko txikiaren aitak haurra jo zuela zabaldu zenean, ordainduta zegoen elkarrizketa bat eman nahi izan ez zuelako. Ismael mutikoak nekatuta zegoela esan zuen.
Irakurri zinemaren inguruko albiste gehiago eta kontsultatu zinema-programazioa.
Slumdog millionaireko neskatila saltzen saiatu da bere aita: http://tinyurl.com/dgvx6r