Tag Archives: triatloia

Virginia Berasategi eta emakume kirolarien krisia

Virginia Berasategi Hawaiin

Kalifornian harrapatu nuen Virginia, baina itzuli eta berehala elkarrizketa lotzeko emaila idatzi zidan. Virginia Berasategiri elkarrizketa egiten nion bitartean, bera Plentziako taberna baten terrazan zegoen, zerbait hartzen. Bere familiak pisu bat dauka Plentzian eta bertan eman izan ditu Virginiak udak. Erlaxatuta eta pozik sumatzen zitzaion. Baina etorkizunari buruz galdetu nionean, zera esan zidan: “Ai, ez galdetu horrelakorik, krisian nago eta”. Adin batera helduta, emakume kirolariek erabaki bat hartu behar dute: ama izan eta ibilbide profesionala utzi (tarte baterako edo behin betiko) edo amatasunari uko egin. Gogorra, ez?

Ideiak argi dituen neska iruditu zitzaidan; badaki zer gustatzen zaion eta badaki zeri egin behar izan dion uko kiroletik bizitzearen truke. Gainera, oso atsegina da. Zenbaitetan, elkarrizketa egiten duzunean igartzen duzu elkarrizketatua ez dagoela gustura, baina Virginiak lagun batekin egongo balitz bezala hitz egiten zuen, eta eskertzekoa da. Miribillan duen pisuan bizi da Virginia, entrenatzen da, Alemaniako txirrindulari batekin dabil eta bidaia asko egiten ditu. Bizitza sinplea du eta neska maitagarria da.