Tag Archives: tony parker

Haurdunaldiak, zentsurak, dibortzioak eta beste gorabehera batzuk

Pinkek baieztatu egin du azken egunetan bolo-bolo zebilen albistea: haurdun dago.

“Carey Hartek eta biok neskato bat izango dugu” esan du kantari estatubatuarrak Ellen Degeneres aurkezlearen saioan, aste honetan kaleratu duen bilduma-lana aurkeztera joan denean.

Horrelako zurrumurruak askotan zabaltzen dira baina ez dira beti egiazkoak izaten. Zenbat aldiz egon ote da haurdun Beyonce? Orain dela gutxi ere zabaldu zen zurrumurrua eta bere amak gezurtatu behar izan zuen albistea. Ezetz, ez dagoela haurdun, oraindik, behintzat, ez.

Hori bai, zentsuraren atzaparretan erori da kantari estatubatuarra, Heat izeneko bere lurrina promozionatzeko iragarkia “beroegitzat” jo baitute Britaina Handian eta, hori dela eta, 19:30 arte ezingo baita emititu.

Haurdunaldi kontuetara itzuliz, uste baino lehenago amaitu zaio berea Paulina Rubio mexikarrari. Espero baino lehen jaio da Nicolas, artistak Nicolas Colate Vallejo Najerarekin izan duen haurra.

Gaztelaniazko esaera batek dio haurrak besapean ogi bat dutela jaiotzen direla baina, dirudienez, kantariaren semea milioi bat dolarreko demanda batekin iritsi da. Kolonbiako herri batean eman behar zuen kontzertua iaz bertan behera uzteagatik epaitegietara eraman nahi baitute artista.

Eta haurrak izateko denborarik gabe amaitu da beste bikote baten arteko harremana: Eva Longoria aktorearen eta Tony Parker saskibaloi jokalariaren artekoa.

Dibortziatu behar zutenik ukatu zuten bikotearen ordezkariek, baina, itxura denez, Longoriak dibortzio-demanda aurkeztu du senarraren aurka Los Angelesko epaitegian. Zurrumurruek diote bikotearen lagun batekin adarrak jarri dizkiola Parkerrek. Longoriaren eta Parkerren arteko irudi melengak amaitu dira, beraz!