Tag Archives: literatura

Lucia Etxebarria, idazle baten lintxamendua

Lucia Etxebarriaren erantzungailuan grabatutako mezua oso bitxia da. Ahots eztiarekin, ia ahopeka, honakoa esaten du: “Kaixo, Lucia naiz. Kontu pertsonal bategatik deitu baduzu, utzi zure mezua. Lan kontu bat baldin bada, bidali e-mail bat xxxxxx helbidera. Berriz esango dut: xxxxx. Benetan, lan kontua baldin bada, bidali maila, askotan ez ditudalako mezuak entzuten. Musuak”. Posta elektronikoaren helbidea ere nahiko barregarria da (kar-kar).

Lucia Etxebarria eta bere alaba

Bada, horixe. Maila bat bidali nion eta berehala erantzun zidan. Eta “cielo” deitu zidan. Nik Stockholmeko sindrome moduko bat daukat elkarrizketatzen ditudan pertsonekin eta hari buruzko iritzi ona izateko prest nengoen, nahiz eta “cielo” deitu. Elkarrizketa egiteari baietz erantzun zidan, baina… mail bidez egin behar nion. Pena itzela. Posta elektroniko bidezko elkarrizketak gorroto ditut, feed back hori galtzen delako. Zer egingo diogu…

Lucia Etxebarriari elkarrizketa egiteko dokumentatzen hasi nintzenean, harrituta geratu nintzen, zenbat artikulu bere kontra! Gehiegizkoa iruditu zitzaidan. Egia da neska “politikoki desegokia” dela (horrela esaten zaio pentsatzen duena esaten duenari, eta pentsatzen duena gehiengoak pentsatzen duenaren kontrakoa bada), baina, tira, zelako lintxamendua. Gainera, argitaratutako zenbait artikulu gai pribatuen ingurukoak ziren. Niri berdin zait honek edo beste edozein pertsonak bere etxean egiten duena, eta horrelako kazetaritza ez dut batere gogoko.

Elkarrizketa e-mailez izan bazen ere, bere ironia islatzea lortu zuen, eta emaitza nahiko gustatu zitzaidan.