Tag Archives: kartzela

Chris Brown espetxeratu dute

chris brownApirilaren 23ra arte kartzelan egon beharko du Chris Brown abeslariak, baldintzapeko askatasuna ez betetzeagatik. Rihannaren mutil-lagun ohia behin baino gehiagotan egon da komunikabideen ahotan, jendaurrean zein etxean erakutsitako jarrera erasokorragatik. Horrenbestez, epaileak Chris Brown erruduntzat jotzen badu, lau urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete.

Dirudienez, iragan ostiralean piztu zen polemika. Brown errehabilitazio zentro batean dago, sarritan erakusten duen hirari aurre egiten ikasteko. Hain zuzen ere, epaile batek aginduta hasi zuen tratamendua azaroan. Gutxienez 90 egun zentro batean eman behar zituela agindu zion epaileak; emakumeengandik aldenduta eta aldiro drogekin zerikusia duten azterketak eginez.

Nolanahi ere, oraingoa ez da justiziari aurre egin behar izan dion aurreneko aldia izan. 2009an Rihannari eraso egiteagatik zigortu zuten. Bost urteko baldintzapeko askatasuna ezarri zioten, eta 180 egunez lan komunitarioak egitera behartu zuten.

Halaber, haserrealdiei aurre egiten ikasteko, errehabilitazio prozesu bati aurre egin behar zion, baina tratamendua hasi eta denbora gutxira, azaroan zehazki, familiarteko eztabaida baten ostean, amaren autora harri bat jaurti zuen rap kantariak.

Bestalde, esan bezala, pasadan asteko ostiralean jarrera zakarra erakutsi zuen, eta Malibuko errehabilitazio zentrotik kanporatu zuten. Emakume bati eskua eta sorbalda ukitzeagatik, drogen azterketa egiteari uko egiteagatik eta pistolak zein labanak erabiltzeko duen abileziaz harro agertzeagatik kanporatu omen zuten. Hori gutxi balitz, Brownek bigarren auzi bat du zabalik, urrian gizon bati eraso egiteagatik. Apirilaren 17an du epaiketa.