Tag Archives: Bon Jovi

Bon Jovi hankamotz iritsiko da Donostiara

Ez, ez, ez zaio Jon Bon Joviri hankan ezer gertatu. Baina, hala ere, Bon Jovi taldea hankamotz iritsiko da Donostiara. Izan ere, Richie Sambora gitarrista erreabilitazio-zentro batean sartu dute alkoholarekin arazoak dauzkalako eta ez dirudi udarako osatuko denik. Beraz, talde estatubatuarrak uztailaren 29an Anoeta estadioan emango duen kontzerturako beste gitarrista bat errekrutatu beharko luke.

New Jerseyko taldeak ohar bat bidali du Samborari elkartasuna adierazteko: “Beti izan da Bon Joviko kidea eta beti izango da. Datozen kontzertuetan egongo ez bada ere, irrikaz espero dugu sendatzea eta bera bueltan izatea. Bitartean, gure zaleekin dauzkagun konpromisoekin aurrera jarraituko dugu, baita birarekin ere”.

Ez da Sambora erreabilitazio-zentro batean sartzen duten lehen aldia, 2007an ere egin baitzuen terapia. Baina alkoholaren atzaparretan erori da berriz ere artista.

Udarako osatuko ez balitz, Bobby Bandiera izan liteke haren ordezkoa, 2005etik taldearekin aritzen baita zuzenean gitarra erritmikoarekin (samboraren itzalean) eta korista gisa.