Tag Archives: aitatasuna

Justin Bieberrek aitatasun frogak egin ditu

A ze saltsatan sartu den (edo sartu duten) Justin Bieber kantari gaztea. Mariah Yeater-ek kanadarrari bere haurraren aitatasuna egotzi zionetik, gaia bolo-bolo dabil eta horrek ez dio mesederik egiten artistari.

Duela egun batzuk esan genuen Yeater-ek Bieber-en kontrako salaketa kendu zuela abeslaria aitatasun frogak egiteko prest agertu eta gero baina,TMZ aldizkariak argitaratutakoaren arabera, azkenean frogak egin ditu ume horren aitatasunaren auzia argitzeko. Kanadarrak esan du neska hori ez duela ezagutzen, ez duela sekula ikusi. Egun batzuk barru ezagutaraziko dituzte emaitzak.

Justin Bieber-ek ez ditu aitatasun frogak egin beharko

Justin Bieber-ek arnasa har dezake lasai jada. Mariah Yeater-ek artistaren kontrako salaketa kendu du, kantari kanadarrak aitatasun frogak egiteko prest zegoela adierazi ostean. Izan ere, neskaren abokatuek hura defendatzen ez jarraitzeko erabakia hartu dute.

Yeater koartadarik, argudiorik eta abokaturik gabe gelditu da. Itxura denez, Bieber-en abokatuek auzi berri bat martxan jartzeko asmoa agertu zuten, artistaren kontra egindako baieztapen faltsuengatik.

Mariah Yeater duela egun batzuk egin zen ezagun Justin Bieber bere haurraren aita dela adierazi zuelako. Kantariaren aitatasunari buruzko albisteak, zurrumurruak eta txutxu-mutxuak berehala zabaldu ziren baina, oraingoz,  Selena Gomez haren neska-lagunak ez du larritzeko arrazoirik izango, ustezko seme-alabarik ez baitu artista gazteak.