Xabi Alonso, prentsa arrosaren jomugan

xabiDuela astebete “Paparazzi” blogean Xabi Alonso futbolaria izan genuen hizpide, eta gaurkoan ere tolosarraren aferak aterako ditugu mahai gainera.

Izan ere, Real Madril utzi eta Bayern Munich taldera joan berri den futbol-jokalari ezagunak gogor erantzun die azken egunetan ustezko desleialtasun baten inguruan zabaldutako zurrumurruei.

Hain zuzen ere, La Otra Cronica (LOC) gehigarrian argitaratutako informazio baten harira, El Mundo egunkaria auzitara eramango duela eman du jakitera Twitter bidez. Orain dela pare bat egun, aipatutako egunkariak iragarri zuen, Real Madril uzteko arrazoi nagusia Nagore Aranburuk jokalariari egindako presioa zela. Albiste horrek esaten zuenez, emazteak behartuta hartu zuen Munichera joateko erabakia Xabi Alonsok, ustezko desleialtasun baten ondorioz.

LOCeko iturrien arabera, Madrildik urrundu  nahi zuen modelo donostiarrak, senarra adarrak jartzen ari zela entzuten zuelako behin eta berriz. El Mundoren gehigarria izenak ematera ere ausartu zen, eta, besteak beste, Russian Red taldeko abeslariarekin lotu zuen futbolaria.

Azkenaldian hainbat komunikabidek hitz egin dute bi hauen arteko maitasun-istorio baten inguruan, eta Lourdes Hernandezen Agent Cooper diskoan “Xabier” izeneko abesti bat dagoela erabili dute askok froga gisa. Aitzitik, Hernandezek ukatu egin zuen aspaldi, kantu horren izenburua futbol-jokalariagatik aukeratu izana.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *