Adineko bikote batek Justin Bieberri demanda jarri dio

Jakina da Justin Bieberri asko gustatzen zaiola txantxetan ibiltzea, baina bere jarraitzaileei ziria sartzeko azken saiakera garesti atera ahal zaio abeslari gazteari.

Joan den astean Bieberrek Twitterren daukan orrialdean mezu bat publikatu eta asmatutako telefono zenbaki bat ipini zuen bertan, jarraitzaileei berehala deitzeko eskatuz. Telefono zenbakia adineko bikote batena zen, eta horien telefonoa etengabe jotzen egon zen arratsalde osoan. Bikote adinduak telefonoa hartzen zuen bakoitzean, abeslariarekin hitz egin nahi zuten neska gazteek erantzuten zuten.

Abeslariak 20 milioi jarraitzaile ditu bere Twitterreko orrialdean eta geroago mezua ezabatu zuen arren, milaka dei jaso zituzten Dilcie eta Kent izeneko bikotekideek. Azken horien haserrea nabaria zen eta euren abokatuarengana jo zuten abeslariaren broma batengatik euren telefono zenbakia aldatu beharko zutela esanez.

Oraingoz, hiru gauza eskatu dizkiote bikotekideek abeslariari demanda kentzearen truke: publikoki barkamena eskatzea, bere kontzertu baterako sarrerak ematea eta diru pixka bat proiektu pertsonal bat aurrera eramateko.

Espero dugu hurrengorako kontu handiagoz ibiltzea gaztea bere brometako bat egin aurretik.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *