Lady Gagak hasiko du Urteberriko atzerako kontaketa Times Squaren

New Yorken ez dituzte hamabi mahats aleak jaten urte berria datorrela ospatzeko, baina milaka pertsona biltzen dira Times Square plazan. Esfera bat jaisten da guztiek urtearen amaiera adierazten duen atzerako kontaketa egiten duten bitartean. Aurten Lady Gaga arituko da aurkezle lanetan eta sorpresa gehiago ere izango dira plaza mitikoan.

1907. urtetik hona, herritarrak eta turistak erromes antzera bertaratzen dira Times Squarera urte aldaketaren aurreko hamar segundoak kontatzera.

“Inoiz lorik egiten ez duen” hiriko alkateak, Michael Bloombergek, aurreratu du Lady Gaga izango dela gonbidatu berezia. Oraindik elkar ezagutzen ez duten arren, alkateak horretarako irrikan dagoela aitortu du.

Abeslariak sakatuko du kristalezko esfera martxan jarriko duen botoia. Esfera Times Squareko eraikin baten gainetik jaitsiko da urtearen azkeneko hamar segundoetan zehar.

Hala ere, festa handi horretan ez da bakarrik egongo Gaga. Bere alboan egongo dira, besteak beste, Justin Bieber eta Pitbull.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *