Paris Hiltonek festa itzel batekin eman die hasiera Gabonei

Denek dakite Paris Hilton jaietako erregina dela, izan ere, umeei gozokiak bezainbeste gustatzen zaio ilehoriari festa. Eta berak antolatutakoa bada, guztia emango duen zalantzarik ez dago.

“An Electric Christmas” izenpean Gabonei festa itzel batekin hasiera eman dio Parisek. Modeloak, DJak, lagun ospetsuak… ez zen inor falta izan Los Angeleseko haren etxean. Nicky Hilton ahizpak ere ez zuen galdu parranda egiteko aukera.

Etxea Gabonetako argi eta bolatxoekin apaindu (laguntzaileek egingo zutela uste da, azkazal bat apurtzera ez baitzen arriskatuko neska) eta hasi dadila festa! DJ lagun batzuk kontratatu zituen gau-jaia girotzeko eta animazioa ez zen falta izan: Bizarzuriz jantzitako behiak eta mutil katxarroak (kamiseta gabe, noski) tartean.

Argazkiak web orrian eskegi ditu harro asko: Gabonetako zuhaitzaren aurrean posatzen (Hola! aldizkariko azaletan bezala), ongi entseatutako posea ahizparekin batera muturrak jartzen, Bizarzurirekin batera… Azken kapritxoa erakusteko aukera ere ez du galdu, Ferrari gorria, hain zuzen ere.

Adierazpen sakon eta mamitsuak egiteko ere aprobetxatu zuen gaua: “Jainkoak ospetsu egiteko arrazoietako bat gauza onak egiteko eta emateko aukera izatea da”. Izan ere, “umetatik” ari da ongintzako ekintzak egiten. Horregatik, oraindik haurra izateko denborarik ez duela esan du. “Noizbait familia eta haurra edukitzea nahiko dut baina orain nire negozioan ari naiz buru-belarri”.

Bestalde, irakurleentzat galdera batzuk. Parisek argazkietan zer dela eta begiratzen du beti zeharka txintxo aurpegiarekin? Denok dakigu apur bat trauskila dela! Nicky Hiltonek zergatik dauka Teresa Barbie panpinaren lagunaren gero eta antz gehiago? Ahizparen bideari (hezur eta haragizko Barbie) jarraitzen ari ote da? Zertarako festan Bizarzuriz mozorrotutako behiak?

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *