Piquek adarrak jarri ote dizkio Shakirari?

Aspaldian ez ditugu elkarrekin ikusi Shakira eta Pique, baina krisi hitza ez da, orain arte behintzat, aipatu ere egin, batik bat, bikoteak hasieratik erakutsi duen pasioa dela medio.
Baina gaur adar kontuak hasi dira azaleratzen. Tv Notas aldizkari mexikarraren arabera, Barçako futbolariak adarrak jarri dizkio kantariari.
Aldizkariaren arabera, Shakiraren hurbileko “iturri fidagarri” batek jakinarazi die duela aste batzuk kantariak futbolari katalana utzi zuela bera baino neska gazteago batekin adarrak jarri zizkiola jakin zuelako.
Dena den, badirudi Shakira eta Pique zurrumurruak isilarazi nahian dabiltzala. Elkarrengandik urrun daude abuztu amaieratik bakoitzak dituen lan konpromisoen eraginez baina euren arteko harremanak aurrera jarraitzen duela erakusteko maitasun keinuak adierazten ari dira. Kolonbiarrak asteburuan Brasilgo Rock In Rion emandako kontzertuan “hips don’t lie” kantu ezagunaren hitzak aldatu zituen eta “ni Barçakoa naiz, ni kulea naiz” esan zuen. Eta ez da lelo hori erabiltzen duen lehen aldia. Maiatzean Polonian ere gauza bera egin zuen, Pique aurrean zela.
Bestalde, Barcelona taldeko jokalariak ere egin du Shakiraren aipamenik. FHM aldizkariak iragan asteko argitaratutako elkarrizketan esan zuen kantariak aholkuak ematen dizkiola jantziak aukeratzerako orduan.
Adierazpen eta keinuak gorabehera, ezleialtasunaren eta hausturaren zurrumurruak berehala zabaldu dire eta Twitterren atzo ‘trending topic’ izan zen bikotea.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *