Harry Potter-ek arazoak izan ditu alkoholarekin

Daniel Radcliffe oso gazte hasi zen aktore lanetan, 11 urte zituenetik “Harry Potter” mago ezagunaren azalean sartu baita. Eta hain gaztetan ezagun izateak eragin nabarmena izan du bere bizitzan, besteak beste, 21 urteko aktoreak alkoholarekin arazoak izan dituela aitortu baitu.

Ikuskizunaren munduak presio handia egin omen dio Radcliffe-i. Horregatik, 18 urte zituenean whiskeyarekiko eta festekiko mendekotasuna izaten hasi omen zen.  Baina iazko abuztuan alkohola utzi omen zuen eta orain nahiago izaten du neska-lagunarekin etxean gelditu festaren batera joatea baino.  

“Alkoholarekiko mendekotasuna neukan gauzez gozatu ahal izateko. Urte batzuetan pertsona ospetsu baten bizi-estiloari jarraiki bizitzearen ideiarekin liluratuta egon naiz”, adierazi du Radcliffek. Gainera, “pozik” dagoela esan du, paparazziek ez dutelako mozkortuta sekula harrapatu.

Aktore britainiar gazteak 48 milioi liberako ondarea dauka (53 milioi euro inguru) “Harry Potter” pertsonaiari esker. Azken urteetan, antzerkigintzan aritu izan da “Equus” lanean eta kritika onak izan ditu.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *