2011, ezkontzen urtea?

Urte hasi besterik ez da egin, eta jada badugu ezkontza batzuen berri. Horien artean ditugu Kate Moss, Lilly Allen, eta Lady Gaga.

Urte berriari hasiera emateko, dirudienez ospetsuak diren bikoteak pauso bat gehiago ematea erabaki dute. Azken egunotan ezkontza posible batzuen inguruan asko hitz egin da. Batzuk baieztatu egin dira, eta beste batzuk zurrumurruak besterik ez dira. Baina, maitasunak gure bizitzan duen tokia ikusita, oso albiste onak dira hauek. Izan ere, ezkontzak beti izan ohi dira albiste pozgarriak.

Kate Moss modeloa eta Jamie Hince izango dira aipatuko ditugun lehenengoak. Bikote honen inguruko zurrumurruak aspaldidanik daude, baina oraingoan informazioa egiazkoa dela esan dezakegu. Modeloaren lagun batek The Sun egunkariari adierazitakoaren arabera, Hincek vintage estiloko eraztun bat oparitu zion modeloari berarekin ezkontzeko eskatu zionean. Beraz, iturri honen arabera, uztailaren 2an ezkonduko da bikotea.

Ezkonduko den bigarrena Lilly Allen abeslaria da. Urte eta erdi darama Sam Cooper dekoratzailearekin, eta bikoteak jakinarazi duenez, ekainaren 11n ezkonduko dira Ingalaterran. Cooperrek ezkontzeko eskaera Baliko luxuzko hotel batean egin zion. Hurbileko lagunak eta senideak soilik egongo dira ospakizunean. Beraz, ezkontza sinple eta intimoa izango da bikotearena. Azken aldian ez ditugu britainiarraren albiste onak entzun. Izan ere, hardun geratu eta umea galdu zuen, eta duela hilabete batzuk odoleko gaixotasun larri batekin ospitaleratu zuten. Bazen garaia kantaria zoriontsu izateko, eta albiste hau paregabea da!

Beste albiste garrantzitsu bat izan da Lady Gagarena. Beti dago artistaren albisteren bat, eta oraingoan ziurtasun handiarekin esan dute abeslaria ezkondu egingo dela. Luc Carl da bere bikotekidea eta dirudienez, duela hilabete batzuk elkarrekin bizitzera joan ziren Bel Air-en alokatuta duten luxuzko etxera. Gauzak ondo doazela dirudi, eta ezkontzea erabaki du bikoteak zurrumurruek diotenez. Albistea oraindik ez da ofiziala, baina Grammy Sariak banatzen direnean (otsailaren 13an) albistearen berri eman dezake Lady Gagak.

Ikusten dugunez, beraz, ezkontza ugari izango ditu 2011 honetan. Urteko bigarren hilabetean gaude eta jada ezkontza batzuen berri eman dute pertsonaia ospetsuek. Erritmo hau jarraituz gero ezkontza asko ospatuko dira aurten, eta maitasuna nagusi den bitartean, oso pozik emango dugu horrelako albisteen berri…

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *