Halloween, paganismoa ate joka

Halloween_962x390

Urriaren 31n baliteke etxeko txirrinak jotzea. Eta akaso etxeko atea irekitzean mozorrotutako hirukote bat agertuko zaizu.

Tira, zalantza askorako tarterik ez dago. Mozorroen atzean ezkutatzen den hirukotea Naiak, Ibaik eta Junek osatuta dago, herriko ume bihurri horiek. “Trikimailua ala tratua” esango dizute seguruenera. Eta zuk hiru aukera izango dituzu. Tratua onartu eta gozokiak eman, ala trikimailua zer ote den deskubritzea. Hirugarren aukera ez da hain arrunta, baina posiblea ere bada: ukabila altxatu eta internazionala abestu ahal diezu, beldurrik gabe. Nolatan azaldu dira gozoki eske globalizazioaren mesederako aritzen diren agente txiki horiek Agate Deuna ez den egun batean !

Baina hiru ume horien portaerak ba du Clan, Disney Channel edota ETB3 baino harago doan bidea. Baita Hollywood baino haragokoa ere. Gaurkotutako ohitura pagano baten isla da zure aurrean garatzen ari dena.

Izan ere, haur zein helduek amesgaiztoetatik ateratako pertsonaiez mozorrotzen diren gauak sustrai sakonak ditu antzinako tradizioetan. Irlandar festa da jatorriz, herrialde honetako etorkinek Estatu Batuetara eramana, eta globalizazioari esker mundu osoan zehar barreiatu bada ere.

Halloweenek zeltiar, erromatar zein kristau tradizioetan du abiapuntua. Zeltiarren urtea azaroaren 1ean hasten zen, eta herri horretan oso egun garrantzitsua zen. Uda eta uztaren garaiaren bukaera eta gau luze eta hotzen nagusitasuna markatzen zuen egun horren bezperan zeltiarrek Samhain izeneko festa ospatzen zuten. Haien sinesmenen arabera, gau horretan hildako eta bizidunen munduaren arteko muga bereziki malgua bihurtzen zen, eta horregatik haien herriak izpirituez betetzen ziren.

Horietako asko senide zein lagunen izpirituak ziren. Haientzako janaria eta ardoa uzten zuten etxeko atarian, eta festaren bukaeran hildakoen mundura egin behar zuten bueltako bidaia errazteko, kandelaz betetzen zituzten bideak. Baina izpiritu on hauen presentziaz gain, bestelako arima gaiztoek ere, gudetan hildako etsaien izpirituek esaterako, bizidunen mundura salto egiteko aukera zuten. Bisitari hauek, noski, ez ziren zeltiarren gustuko lagunak, eta horregatik tentu handiz ibili behar ziren.

Britainiar Uharteetan eta Galiaren iparraldean bereziki bizi ziren herri zeltierren ohiturek aldaketa sakonak izan zituzten erromatarren konkista zela medio, eta konkistatzaile berrien tradizioak zein mundu ikuskera sustratu zeltiarrarekin nahasi ziren. Erromatarren Feralia izeneko festa ospatzen zuten hildakoen mesedean, eta antzinako Samhain festak itxura berria hartu zuen.

Aldaketa hauek, hala ere, are handiagoak izan ziren kristautasuna zabaldu zenean. Errotik sustraitutako tradizio pagano askorekin gertatu bezala, Elizak Samhain gaua festa kristaua bihurtu zuen. Konbertsio hau instituzionalizatzeko, IX. mendean Bonifazio IV.a aita santuak Domu Santu eguna ezarri zuen azaroan batean, santu ezagun zein ezezagunak oroitzeko egun gisa. Ordutik hona tradizio kristauan hildakoak oroitzeko festa nagusia izan da, eta hilerrietara egindako bisitak eta eskaintzak egunaren protagonista bihurtu dira.

Baina aurreko gaua, Samhain ospatzen zenekoa, ez zen guztiz ahaztu. Azaroaren 1a “Allholowmas” bazen ere (“Santu guztien eguna”, Erdi Aroko ingelesez), aurreko gaua “All Hallows Eve” izenarekin ezagutzen hasi zen, gaurko Halloween gauaren izenaren oinarri.

Sustrai katoliko eta zeltiarrak konbinatzen dituzten irlandarrak izan ziren ahaztear zegoen festa hau berrindartu zutenak Ipar Amerikara joan zirenean bizitza berri baten esperantzan. Aurretik, ingelesek Halloweenekin erlazionatutako hainbat tradizio Ipar Amerikako kolonietara eraman bazituzten ere, 1846an izandako patataren gosete handiak eragindako irlandarren emigrazio fluxu erraldoiak herrialde berriaren kontzientzian gogotik errotu zuen festa.

Horrela, XX. mendearen hasieran Halloween Estatu Batuetako alde gehienetan zabalduta zegoen, eta hildakoen omenezko gaua zena haur festa bilakatu zen pixkanaka. Denborarekin, eta telebista eta zinemari esker batez ere, tradizioak munduko leku askotara zabaldu izan zen.

Zure etxeko atariraino heldu arte.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online