Babelgo dorrea topatu zuen nafarra

Irudia: Juanma Gallego

Irudia: Juanma Gallego

Bere garaiko bidaia handienetakoa egin zuen. Hamar edo hamabost urtez egin zuen bidaia hori, bere sorterriko Tuteratik abiatuta eta gaur egungo Irak dagoen lurraldera arte. Bartzelona, Provenza, Italia, Grezia, Lur Santua, Mesopotamia eta Egipto ere bisitatu zituen, besteak beste. Garaiko hiririk distiratsuenak ikusi zituen, hala nola Erroma, Konstantinopla, Jerusalen, Bagdad, Kairo edota Alexandria, eta 1172an etxera bueltatu zen.

Benjamin Tuterakoaz ari gara, Euskal Herrian egon den bidaiari handienetakoa eta aldi berean ahaztuenetakoa. Judutarra izateak seguruenik izan du eraginik oroimen eskas horretan. Baina beste hainbat kontuetarako bizitza zaila egiten bazuen ere, judutarra izateak bazuen abantailarik bidaiatzerako orduan. Lur kristaua eta musulmandarra banatzen zituen muga sozial eta kulturalak ez zuen aparteko eraginik judutarrengan, leku guztietan hauen komunitateak baitziren. Benjaminek horiek guztiak bisitatu eta bere ibilbide miresgarriaren testigantza zuzena utzi zuen Sefer Maasot (‘Bidaien liburua’) izeneko narrazioan.

Poliglota zen, besteak beste hebreera, arameoa, latina, eta grekera menderatzen zituelarik. Arrazoikoa da pentsatzea garai horretako erromantzeaz eta agian euskaraz ere mintzatuko zela. Horrek bidaia erraztu zion, eta bere garaiko jende arruntarentzat izkutatuta zeuden hainbat leku interesgarri ikusteko aukera eman zion ere. Babelgo Dorrea izan zen leku horietako bat, Biblian agertzen den dorre mitikoa. Ez zen noski, dorre bera, baina gure protagonistak hala ikusi izan zuen. Seguruenik Samarran dagoen Al-Mutawakkil kalifaren meskitaren dorre ikusgarria izan zen ikusi zuena edo agian Babilonia hiri zaharraren antzinako zigurat bat. Dena dela, Babelgo dorrea ikusi zuela sinetsita hil zen 1173an gure nafar handi hau, bere garaikoek zein ondorengo gehienek ikusi eta sentitu ezin zituzten oroitzapen miresgarrien testigu.

Samarrako meskitaren dorrea. Irudia: Montgomery Art Photography Project

Samarrako meskitaren dorrea. Irudia: Montgomery Art Photography Project

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online