Sabai astronomikoak

Karakhamon

Karakhamon apaizaren hilobia. Irudia South Asasif Conservation Project

Sei mila alez osaturiko puzzlea egiteko pazientzia asko behar da. Baina arkeologoen lana horrelakoa da gehienetan. Pausuz pausu eta kontu askorekin egin beharreko lan nekeza. Baina denborarekin bere fruituak ematen dituena.

Horrenbeste ale solte Egiptoko XXV. dinastiako hilobi batean topatu zituzten 2010ko abuztuan. Sabai astronomiko bat zen, baina guztiz txikituta zegoen. Karakhamon izeneko apaiz baten hilobia zen hura, Luxorren dagoen Asasif-eko nekropolian kokatuta. Ordutik sabaian margotutakoa berreskuratzen aritu izan da Kanariar uharteetako La Laguna unibertsitateko irakaslea den Miguel Angel Molinero egiptologoa. Oraindik ere bukatzeko dagoen lana da, ordea.

Mota horretako sabaiak oso lagungarriak dira antzineko egiptoarrek zituzten astronomia ezagutzak norainokoak ziren jakin ahal izateko. Astronomiari buruzko pergaminorik ez da inoiz topatu, eta sabai hauek dira zientzia honen inguruan utzitako aztarna bakarrak.

Normalean izarrak eta konstelazioak agertzen dira holako margoetan. Karakhamon apaizaren hilobian Nut jainkosa agertzen da margoaren erdian, Esne Bidearen errepresentazio gisa.

Ez da mota honetako sabai bakarra. XVIII. dinastiako Senenmut-en hilobia da hoberen kontserbatzen den beste sabaietako bat. Hatsetsup erreginarentzat lanean aritu zen arkitektoa izan zen Senenmut eta orain arte Egiptoko astronomiaren inguruan egin diren ikerketa gehienen abiapuntua izan da.

Askotan kontrakoa uste bada ere, antzineko egiptoarren astronomia ez zegoen gehiegi garatuta. Horretan oso praktikoak izan ziren, eta astronomia behaketak gehienbat egutegia osatzeko eta Nilo ibaiaren ur-goraldiak aurreikusteko erabili zituzten.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online