Meteorologoen azken errendizioa

Haudegen operazioa. Irudia: Wilhelm Dege-ren bilduma pribatua, via Der Spiegel

Haudegen operazioa. Irudia: Wilhelm Dege-ren bilduma pribatua, via Der Spiegel

Ludwing Albertsen arrantzale norvegiarrak ez zekien oso ondo zer egin teniente alemaniarrak bere pistola eman zionean. “Niretzat gorde al dezaket?” izan zen bururatu zitzaion galdera bakarra. Izan ere, Albertsen ez zegoen ohituta militar protokoloekin. Bere lanbidea arrantza zen, foken ehiza batez ere. Baina zenbait egun lehenago irratiz mezu bat jasoa zuen. Svalbard uharteetan zeuden alemaniar armadako kideak hartu eta Norvegiara eraman behar zituen. 1944eko irailaren 3a zen, eta alemaniar armada ia lau hilabete lehenago errenditua zen.

Ia urtebete zeramaten alemaniar horiek Zirkulu Polar Artikotik oso gertu diren Svalbard uharteetan. Hamaika lagunez osatutako espedizio sekretua izan zen, Haudegen gako-izenaz, Wilhelm Dege geologo eta tenientea buru zuena. Talde horren zeregina alemaniar armadarentzat datu meteorologikoak jasotzea zen. Lantaldeak zintzo-zintzo egin zuen bere lana eta egunero irratiaz Berlinera datu horiek modu zifratuan igorri zituen.

Haien lanean murgilduta egon arren, 1945eko maiatzean Alemaniaren errendizioaren berri berehala izan zuten. Dege tenienteak datu zientifikoak eta arma gehienak lurperatu eta errenditzea erabaki zuen orduan. Zenbait arma beraiekin mantendu zituzten, Svalbarden ugari ziren hartz zuriengandik babesteko. Ia lau hilabete egon ziren aliatuen partetik atxiloketa itxoiten.

Lantalde bitxi horrek lortutako datuak oso baliogarriak izan ziren Bigarren Mundu Gerran buru-belarri murgilduta zegoen Alemaniarentzat. Satelite artifizialak existitzen ez ziren garai horretan, Svalbardeko meteorologia-estazioan lortutako informazioa premiazkoa zen ekaitz zein denboraleen etorrera iragartzeko. Horrela, Ardenetako batailan alemaniarrek beren azken kontraeraso erraldoia prestatu zutenean eguraldi kaskar eta hodeitsuaren iragarpena oso kontutan hartu zuten, beraiena baino askoz handiagoa zen aliatuen abiazioak alemaniarren kontra ahalik eta aukera gutxien izan zitzan.

Ardeetan eta beste hainbat eta hainbat batailetan borrokan aritu zirenek ezingo zuten inolaz ere irudikatu gerra madarikatu horren azken errendizioak Artikoan haizea neurtzen zuen geologo bat eta arrantzale norvegiar bat izango zituela protagonista. Baina gerran izandako zereginaz gain, Dege tenientearen lantaldeak lortutako datuak oso baliogarriak izan dira gerora ere klimatologoen ikerketetarako.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online