Istanbul, hurrengo ‘big one’

Hagia Sofia 14 mendez lurrikaren aurrean zutik mantendu da. Irudia: Juanma Gallego

Hagia Sofia lurrikaren aurrean zutik mantendu da. Irudia: Juanma Gallego

1999an Turkiak lurrikara ikaragarria nozitu zuen. Urte horretako abuztuaren 17an Richter eskalan 7,5eko mailara heldu zen ezbeharrak Izmit hiria bete betan jo zuen, 17.000 lagun inguru hil zirelarik. Gaizki eraikitako eraikinek lur astinduak eragindako txikizioren tamaina handitu zuten.

Ez zen izan inguruan izandako lurrikara bakarra eta, tamalez, ez da azkena izango. Turkia zeharkatzen duen Ipar Anatoliar Faila da horren erruduna.  Europako eta Anatoliako plaka tektonikoen arteko azken talkak zenbait lekutan hainbat metro igo zituen zorua.

Basilika eta meskita izandako Hagia Sofiak hamalau mendez lurrikarek eragindako kalteak jasan ditu. Kalte horiek konpondu bidean egindako lanen erregistroa gorde izan dituzte bertan izandako erlijio gizonek. Horregatik informazio hori guztia altxor preziatua bilakatu da gaur egun lurrikarak ikertzen dituzten zientzialarientzat.

Hamar milioi lagun bizi dira Istanbulen. Irudia: Juanma Gallego

Hamar milioi lagun bizi dira Istanbulen. Irudia: Juanma Gallego

Ipar Anatoliar Failaren inguruetan hamaika lurrikara izan dira azken 60 urteetan. Horien jarraipena eginda, zientzialariek ikasgai argia atera dute: lurrikarak eragiten dituzten tentsioek mendebalderako norabidea dute eta seguruenez hurrengo jopuntua Istanbuletik gertu egongo da. Hamabost kilometrora, zehazki, Marmara itsasoaren behealdean. Hamar milioi lagun inguru bizi dira Istanbulen. Tamaina horretako hiri batean lurrikara baten efektuak irudiezinak dira.

Ez da lurrikara erraldoi baten zai dagoen megahiri bakarra. Bai Tokio zein Los Angeles hiritzarretan antzeko etorkizun baten zain dira. Azken honetan ‘big one’ izendatu zuten aspaldi balizko lurrikara hori. Baina bi hiri hauek Istanbul baino hobeto prestatuta dituzte haien eraikinak lurraren indarrari aurre egiteko. Izmiten gertatu zena errepikatzen bada, urte askotako meskitek zutik iraun zuten, inguruetan berriki egindako eraikinak erabat txikituta gelditu ziren bitartean. Espero dezagun Istanbuleko hurrengo big one horretan ahalik eta eraikin gehien onik ateratzea, bertan bizi direnak salbu geldituta. Inshala.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online