Kanidoak garaile

Kanidoek arrakasta ebolutibo itzela lortu dute. Irudia: Juanma Gallego

Kanidoek arrakasta ebolutibo itzela lortu dute. Irudia: Juanma Gallego

Milaka urtez lagundu gaituzten adiskide finak dira. Eta adiskidetasun hori, gainera, unibertsala da. 2008. urtean Belgikako kobazulo batean gizakiekin batera bizi zen kanido baten arrastoak topatu ziren, orain dela 30.000 urte baino gehiagokoak. Baina iaz Siberiako Altai mendietan adin berdineko aztarnategi batean aurkitutako beste kanido baten buruhezurra topatu zutenean, kontua baieztatu zen: gizakiek eta kanidoek 30 milurtekoz mantendu den adiskidetasun hitzarmena sinatu zuten munduko toki ezberdinetan.

Lankidetza horretatik bi aldeak atera dira garaile, baina kanidoek bereziki abantaila ebolutibo itzela lortu dute. Gaur egun txakurrak mundu osoan barreiatuta daude eta asko dibertsifikatu dira. Ez soilik txakurrak. Otsoek antzinean izan duten ospe txarra pixkanaka hobetzen ari da, bereziki txakurrekiko egiten dugun asimilazioa dela eta. Bestalde, Errusiako zenbait etxetan azeriak lagun egiteko animaliak bilakatu dira, animalia horiek etxekotxeko orain dela zenbait hamarkada martxan jarri zen domestifikazio esperimentu bati esker.

Ez dira gutxi txakurrekin egindako hitzarmena nola eraiki zen proposatzen ausartu direnak. Etologiaren sortzailea izan zen Konrad Lorenz zientzialaria, esaterako, une hori irudikatzen saiatu zen ‘Gizakiak txakurra topatu zuenekoa’ izeneko lan batean. Ehizaren atzetik joaten ziren gizaki taldeek harrapakinak jarraitu eta erasotzeko txakalak baliogarriak izan zitezkeela ikusi zuten. Eta pixkanaka kolaborazio hutsa zena maitemina bihurtu zen. Era berean, gizakiak lehen asentamendu finkoak ezarri zituenean, txakalak ere inguruan biltzen hasi ziren, botatako hondarretan janaria bilatu nahian. Bertan ezarrita zirela, beste harrapariren bat hurbiltzean txakalak zaunkaka hasten ziren, eta hori gizakiari guztiz baliogarria izan zitzaion. Suediar ikertzaileek Lorenzek eta beste askok irudikatutako une hori baieztatu berri dute elikadurak txakurrengan utzitako arrasto genetikoak erabilita.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online