Demotikoaren hiztegia, prest

Karnak

Egiptoarrek hieroglifikoa, hieratikoa eta demotikoa erabili zituzten. Irudia: Juanma Gallego

Ia lau hamarkada eman dituzte lanean baina azkenean helburua lortu dute. Chicagoko unibertsitateko ikerlariek demotikoaren hiztegia osatu dute, eta interneten mundu osoko ikerlari zein interesa duten guztien esku jarri dute eskuragarri.

Milurteko batez Antzinako Egiptoko biztanleek egunerokotasunean erabilitako hizkuntza da demotikoa, gutxi gora behera Kristo aurreko 500. urtetik gure Aroko 500. urterarte, alegia. Gutun, hitzarmen eta bestelako dokumentuetan erabiltzen zuten batez ere, baina hiztegia osatzeko jatorri ezberdinetako beste hainbat iturri erabili dituzte ere, hala nola zeramika zatiak, papiroak edota kobazuloetan egindako inskripzioak.

Greziera eta sistema hieroglifikoarekin batera Rossetaren harri famatuan agertzen den hizkuntza da demotikoa. Greziera Alejandro Handiak Egipto konkistatu ostean herrialdea gobernatu zuen eliteak baino ez zuen erabiltzen. Egiptoarrek haien milaka urteko hizkuntza erabiltzen jarraitzen zuten, hiru forma ezberdinetan. Gure artean ezagunena, noski, sistema hieroglifikoa zen, batez ere hilobi eta tenpluetan erabiltzen zutena baina egunerokotasunean erabiltzeko oso zaila izaten zena. Bestetik, hieratikoa, hieroglifikoren aldaera sinplifikatu bat, batez ere erlijioaren arloan erabiltzen zutena. Eta azkenik, demotikoa, hiruren artean arruntena (grezieraz demotika hitzak “herrikoia” esan nahi du) eta eguneroko bizitzan erabiltzen zena.

Adobe hitza demotikotik datorren prestamu bakarrenetakoa da. Antzinako Egiptotik arabiarrera igaro zen eta hortik hizkuntza askotara, besteak beste, gaztelerara eta euskarara ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online