Los Granizo, Altubeko gaizkileak

Bi urtez Altubeko bideetan izua zabaldu zen. Irudia: Juanma Gallego

Bi urtez Altubeko bideetan izua zabaldu zen. Irudia: Juanma Gallego

Goizeko lehen meza bukatu berri zuela, Murgiatik gertu dagoen Oroko Santutegiko apaiza zen Francisco Ochoa de Eribe tiroz eraila izan zen. 1869ko uztailaren 24an izan zen Los Granizo izeneko gaizkile taldeko kideen azken krimen hori.

Ez zen erailketa bakarra izan, baina bai agian larriena. Aurretik ere Altubeko bideetan zehar bere salgaiak zeramatzan ardo merkatari bat hil zuten.

Dionisio “el granizo”, Tomás Piste eta Berasain osatzen zuten hirukote kriminala. 1868 eta 1869an izua zabaldu zuten Bilbo eta Gasteiz lotzen zituzten bideetan zehar. Lezaman bizi eta ikazkin gisa aritzen ziren Altube eta Gorbeialdean baina lan gogor horretaz aspertuta dirua modu errazean lortzeari ekin zioten. Hasiera batean baserrietan lapurretan egin zituzten, baina gerora haien gaizkile lana findu egin zuten. Senitartekoen laguntza zuten horretarako eta mafia txiki baten modura aritu ziren, xantaia erabilita. Kaltetuak izan nahi ez bazuten, haien biktimek leku zehatz batean utzi behar zuten diru kopuru bat. Bestela, erailak izango lirateke. Horrela gertatu zitzaion, hain zuzen ere, Oroko apaizari.

Bi urtez gaiztakerietan ibili ostean, azkenean granizoak atxilotuak izan ziren eta hiltzera kondenatuak, badirudi “tanta hotza” izeneko metodoa erabilita: buruen gainean berun urtua pixkanaka botaz. Heriotza krudela Altubeko bideak izutu zutenentzat.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Confianza online