Daily Archives: 26 November, 2012

Helena

Helena Troiari so zegoelarik,

gerrak, gorrotoak eta heriotzak

larrututako hiria,

bere sabela dardaraz zen,

harrituta,

sekula jaioko ez ziren

gizaseme haiek buruan.

Penelope zain dago.

beti zain dago,

itsasoak noiz botako gizon bat,

ez besteak bezalakoa,

ez hobea ez okerragoa,

bere sabelak bakartzat

onartzen duen hura baizik.

Sabelak asko sufritzekoak dira,

heroienak ez badira ere.

Afari gaizto bat,

digestio txarra,

eztarrian trabatzen den

maitasun gaua.

Sabelak jakintsuak dira,

eta okertzen dira batzuetan

olibondoaren adarrak bezala.

Beti ibili dira

hondarrak biltzen

edertasuna eta egia sortzen,

beti uzta egiten.