Daily Archives: 18 March, 2012

lezake

Gorputzak zer dezakeen nehork ez du oraindaino zehaztu.

Spinoza.

I

Dena lezake gorputzak eta, era berean, ezer ez.

Kanta lezake goizean eta, ez horregatik, txantxangorri izan.

Oihu egin lezake eguerdian eta, ez horregatik, txirula izan.

Barre egin lezake arratsean eta, ez horregatik, haize izan.

Negar egin lezake gauean eta, ez horregatik, euri izan.

Ur bihur daiteke oinazez eta, ez horregatik, elur izan.

Desegin daiteke plazerez eta, ez horregatik, hari-albainua izan.

Gora daiteke oinekin bat eginda, baina ez lezake zerua jo,

bere izaera galtzeke, gorpu huts bihurtzeke.

II

Gorputzak egia esaten du beti.

Baina ez daki beti egia esaten duenik.

III

Haragiaren erresuma bizi da gugan.

Bizitzeke eta janzteke uzten gaitu.

Haragi soil, jantzirik gaude;

biluzik haragi gabe gara, gorputz gorri eta sakona bizian.

Minik ezean heriotza bizi da, isil, geldi eta odolusturik.

Gorputzik gabe deus ez da haragia.