Daily Archives: 22 December, 2011

zin

Ez dut sekula ofiziorik izan

(zuzendari izatea kargua da).

Liburu asko irakurri ditut:

Platón, Aristoteles, Spinoza…,

bizitza ulertzen lagunduko zidatelakoan,

baina estuasunean gorri-gorri jartzen naiz

eta neure baitan gordetzen.

Barre egitea gustatzen zait, barrena askatzearren,

baina nago ez dutela guztiek ongi hartzen,

beraiengatik egiten ote dudan mesfidantzaz.

Euskal idazlea naizela diote,

baina nire alabei suspenditu egin diete euskara institutuan,

eta kalera lotsaz beterik atera behar izan dut.

Jende artean nagoenean nahastu egiten naute kamareroekin,

eta eskuak edalontziz betetzen dizkidate.

Hitzen balioa zein den badakidalako

isilik geratzen naiz, hitz egin behar dudanean,

eta harroputzatzat hartzen naute, txuloputatzat.

Lotsatia izatea ere iraintzat hartzen dute

(euskalduna batez ere ausarta omen da).

Mesede asko egin ditut, trukean ezer jasotzeke,

baina  kontabilitate libururik ez daramat

eta ez dut egindakoa ziurtatzerik.

Behin baino gehiagotan hartu naute, hartu gaituzte, tontotzat,

inoren negarrak benetakotzat jo izanagatik.

Ez zait politikaz hitz egitea gustatzen,

eta bada faszistatzat hartu nauenik horregatik soilik.

Beti iristen naiz berandu toki guztietara,

dena amaitzear dagoenean, eta pintxoak janda.

Horregatik gustatzen zaizkit udazkeneko amodioak,

berez itzaltzen dira kolore gorriz pintaturik.

Ez dut gorbatarik eramaten

eta gizon batek errieta eman zidan horregatik

Diputazioko atarian nengoela;

baina badira bizitzan kontu okerragoak,

inori inoiz pozik ez ematea, esaterako.