Daily Archives: 6 December, 2011

dena badoa (joseluisi)

–Dena badoa.

–Eta dena mugitzen da, alde batetik bestera.

–Dena badoa.

–Hori lehen ere esana duzu.

–Inork ez du bi aldiz hartzen autobus bera.

–Hala ere, zin egingo nuke gidaria lehendik ezaguna dudala.

–Ez da lehengo bera, beste bat baizik.

–Ez dakit, bada…

–Ni ere ez naiz orain dela gutxi autobusean sartu naizen bera.

–Bada, berdina zaude.

–Dena da itxura.

–Zer nahi duzu nik esatea? Ez dut publizitate agentzia batean lan egiten.

–Bizitza beste nonbait da.

–Ni noan tokian, Alde Zaharrean, hain zuzen.

–Ez dut uste. Dena da ilusioa. Baita zu eta biok hementxe egotea ere.

–Zu eta ni ez garela esatea falta zaizu!

–Halaxe da. Zu ez zara zu; eta ni ez naiz ni.

–Pikardiaren bat egindakoan horixe bera esaten dut nik. “Ez naiz ni!”. Baina ez didate jaramonik egiten.

–Ez dakite egia zer den.

–Baina urteak daramatzate tabernara etortzen. Eta arrazoia beti beraiek!

–Denbora abstrakzio hutsa da, jostailu bat halabeharraren eskuetan.

–Jakina, amaierara goaz, gelditu gabe.

–Geure bideak zuzentzeko aukerarik gabe.

–Ni hurrengoan geratzen naizenez, berdin zait zer egiten duen autobusak.

–Arazoa, ordea, ez da autobusa joan ala gelditu. Gugan dago.

–Zuk jakingo duzu! Ni banoa ardo artera!

–Ikusten? Bizitzak ez duelako zentzurik, ardoa hartu beharra duzu. Jakina, espiritua ere hutsik daukazu.

–Baita zera ere. Kamareroa naiz, eta baxoerdiak betetzea da nire ofizioa. Ondo izan.

–Ondo izan! Erraza da esaten!