Norbaitek ergela zarela badio,
burua altxa eta segi aurrera.
Izan ere, ergelkeria klase asko dago:
ergelak pilaka dira hemen eta han.
Bada, goizero, egunkaria erosten duenik,
bere buruaren argazkia ikusteko,
sari potolo bat jasotzen,
edo etsaiaren eskela irakurtzeko,
azken irribarre izoztuarekin.
Bada Euskadi Irratian
behin esandakoa entzun nahi duenik,
orduko ospe eta sonarekin.
Kalera irten eta alde guztietara begira
ibiltzen da ea norbaitek ezagutu
eta agurtzen duen, eskua emanez, edo begia.
Taberna batera sartu eta kamareroak
esan gabe ere zer gustatzen zaion
asmatuko duelakoan dago.
Emakume guztiak berarekin
oheratzeko prest daudela sinesten du;
hain da maitagarria…
Horren aldean, aitortuko duzunez,
zurea ergelkeria arriskutsua da.
Zerura begira jartzen baitzara
haurtzaroan ihes egindako globoa ikusi nahian;
edo belarria lurrari pega-pega eginda
aspaldiko tren hura sentituko duzulakoan.
Begiak ixten dituzu, irekitakoan mundua
espero baituzu kolorez aldatuko dela;
eskua luzatu eta Antartida ukituko duzula.
Zu, adiskide, ergel galanta zara:
maitasunagatik egiten duzu lan.
Baina ez kezkatu: ez da kutsakorra.