Tag Archives: Rui Costa

Suitza, bertute gutxi eta gabezi asko

Rui Costa, 25 urteko Movistarreko portugaldarrak irabazi du Suitzako itzulia (Costaren palmaresa). Ustekabekoa izan da, bai baiziren bera baino izen eta hautagaitza sendoagoa zuten ziklistak, baina Suitzan ez da albiste onik izan, inoren bertuteak baino askoren gabeziak nabarmendu dira. Erakustaldiengatik baino, hutsegiterik txikienak egin dituenak eraman du lasterketa. Esparru desberdinetan espezialistak direnak ere pattal aritu dira. Bi adibide: Levi Leipheimer oso kaskar ibili da erlojupekoan; alderantziz Robert Gesink, ondo bakarkako lanean, gaizki mendatean, bere esparru naturalean. Cancellarak berak ez du etaparik irabazi, b erlojupeko izan arren.

Goraipamenak merezi dituen ia bakarra Peter Sagan da. Lau etapa irabazi ditu, alajaina. Eslobakiarra puri purian dagoen ziklista da. Ia esparru guztietan nabarmentzeko moduko dohainak ditu. Erlopeko eta mendate luzeetan ez beste edozein lekutan gailendu daiteke. California eta Suitza dira esandakoaren adibide garbi. Estatu Batuetan zortzitik bost eraman eraman zituen; Suitzan lau. Berdin dio esprinta azkarra edo motela izan, laua eta garbia edo aldapatsua eta konplikatua, igual igual dio zorua bustita egon edo ez, pedaletik oina irten edo itxita gelditu, oraintxe bertan ez du itzalik ere. Besterentzat papurrik ere uzten ez duten bihotzgabea dirudi.

Liquigaseko 22 urteko gazteak asko erakutsi du, bai esprintetan eta bai klasikorik handienetan. Oraindik ez du garaipenak azken hauetan baina denbora kontua baino ez da hori, arazo horrek badu irtenbidea. Esprintetan koska bakarra dauka gainditzeko: Cavendish, baina langa hori Tourrean bota lezake.

Eta Tourra aipatu dudanez, seguru nago hemen protagonista izan diren ziklista ia bakar bat ere ez dela Tourrean nabarmenduko. Hango garailea Dauphinetik irtengo da. Suitzan inork ez du erakutsi eurengan konfiantza izateko aztarnarik ere. Liderrek ohi duten sendotasunik ez du inork izan, gabeziak nabarmendu dira bertuteen gainetik. Indartsuena seguruenik Frank Schleck izan da, baina erlojupekoan hain du arazo larria, maila hori emanda ezin du erlojupeko luze antzekoak dituen ia karrera bakar bat ere irabazi.
Ziklistek izandako ahuleziak kritikatu ditut, izan ere memorian oraindik fresko baitaukagu ia ia ariketa matematiko baten ondorioa zen ziklismoa, baina ez genuke kalterik ziklisten gorabehera eta ustekabeko emaitzetara ohitzen hasiko bagina.