Tag Archives: Pariz Niza

Gazteak eta dohatsuak

Thomas De Gendt, atzo Paris-Nizako lehen etapa irabazi eta lider dagoen belgikarra, ez da ume moko bat (24 urte ditu) baina hala ere aurten nabarmentzen ari diren ziklista goiztiarren zerrendara gehitu genezake. Errezeloa baitut, aurten, beste inoiz baino gehiago, gazteak inoiz baino gehiago ari direla oldartzen. Ahalegin handirik egin gabe, gailentzen ari diren dozena erditik gora ziklista datozkit gogora.

Ez gazteena delako, baina Matthew Gossek (24 urte) badu goraipatzeko arrazoirik, beste inork baino garaipen gehiago baitarama, sei lortu ditu dagoeneko. Gazteenei erreparatuz berriz, Michael Matthews azpimarratu behar da. Rabobank taldeko harribitxiak hiru aldiz jaso ditu besoak dagoeneko. John Degenkolb alemaniarrari garaipen bateko aldea ateratzen dio. Ematen duenez Sub-23 mailan bezala profesionaletan ere orpoz orpo ibiltzekotan dira biak ala biak, iaz Sub-23koen Munduko Txapelketan urrea eta zilarra izan baitziren hurrenez hurren.

ciclistas_profesionales

Italian diote esprintetako hurrengo erregea Andrea Guardini izan bide dela. 21 urte ditu eta 6 garaipen. Iragarpenak badu oinarririk, nahiz eta orain arte maila apaleko lasterketak izan. Peter Saganek (21 urte) iazko aurreikuspenak berresteaz gain, beste urrats bat egin du bere bilakaera zoragarrian eta ZerdeƱako itzulia ez ezik, bertako hiru etapa eraman berri ditu.

Arestian aipaturiko horiek ia guztiak baino zaharragoak izan arren Cameron Meyerrek (23 urte) eta Ben Swiftek (23 urte) ere gora egiten ari direla erakutsi dute Down Under itzulian hurrenez hurren aurrena eta bigarren izanda. Eta errepaso arin eta azkar honetan ez nuke Jesse Sergent (22 urte) debutaria ahaztu nahi. Asteburuan Flandria Ekialdeko hiru egunak irabazi ditu aitzin etapari esker.

Ez dakit ohartu zareten, baina aipatutako ia ziklista denak Australia aldekoak dira. Zergatik ote den beste batean aztertuko dut.