Tag Archives: Euskaltel

Iritsi da Euskal Herriko Itzulia, heldu da Samuel Sanchez

Samuel Sanchezek aurreko astean lortu zuen denboraldiko lehen garaipena. Kataluniako Voltako etapa batean gailendu zen. Bide batez, Euskaltelen estreinaldia eragin zuen. Lorpen horrek irakurketa bikoitza du. Batetik erakusten du Samuel aurten ere fin ibili dela prestaketan eta sasoiko helduko dela denboraldiko helburu nagusietako batetara. Bestetik, taldeak etxeko itzulian izan ohi duen presioari aurre egiteko hauspoa da.

Karreran egiten duena egiten duela, Samuel garaipenaren lehian ibiliko da. Bai etapetan, bai sailkapen nagusian. Hori ez da berria, beti halatsu ibili izan da. Bost etapa irabazi ditu eta hirutan izan da podiumean. Beti hirugarren. Posturik txarrena hamargarrena da. Bada zerbait. Samuel talde handi batek behar duen benetako lider bihurtzen da Itzulian eta aurten ere prest da.

Izan ere, Euskaltelek ezin du hutsik egin bere karreran. Zaleek ez liokete barkatuko. Eskaerak Tourrean baino ere handiagoak dira. Euskal zale guztien taldea izatearen ordainsaria da. Euskaltel ez ohiko taldea baita, hala izan da bere sorreratik. Eta bere filosofiagatik. Txirrindularitzan mundu guztiak du ziklista kuttun bat, edo gehiago, baina ziklistak izaten dira begiko. Taldeak ez. Baina, Euskal Herrian mundu guztia Euskaltelgoa da. Seguru aski zale guztien bihotzera heldu den talde bakarra da munduan, baina aldi berean zale guztien eskaerak asetu behar izaten ditu eta hori ez da beti erraza. Edonola ere Euskaltel, eta batez ere Samuel, prest dira. Garaipenerako prest.