Tag Archives: Alessandro Petacchi

Alessandro Petacchi, txapeldunak beti itzultzen dira

Alessandro Petacchik ez zuen joan den Irailetik karrera bakar bat irabazi. Azkena Orihuelan lortu zuen, Espainiako Vueltako 7. etapan. Deigarria zen hori, Petacchi, beste esprinter gehienen moduan denboraldi hasierako protagonista izan ohi baita. Normalean, Otsailean hasten da karrerak irabazten eta horretaz ohartzeko datu adierazgarri bat izan bada. Aurten ez beste aurreko sei ekitalditan Etruschi Saria irabazi du, Otsaila hasieran Italiako denboraldia abian jartzen duen proba, alegia.

Emaitzarik ezak ez du zerikusirik bere adinarekin, 37 urte izan arren esprintik zailenetan gailentzeko adinako talentu eta gogoa bai baitauka italiarrak. Beti hartu behar da aintzat. Bistakoa da ez dela lehengoa. 2000. hamarkadako lehen urteetan esprintetako erreferentzia nagusia zen, Mario Cipolliniren oinordekoa. 2003tik 2007ra urteko 20 garaipenetik gora lortu zuen. Orain, ez da erdira heltzen. 2009an bederatzi lortu zituen, 8 iaz. Fisikoki behera egin du, egia da, baina aurten beste arazo bat izan du. Bronkiotako asma larriak jota egon da Otsaila hasieratik, eta horrek estreinaldia atzeratzeaz gain behar bezala doitzeko entrenamentuak egitea galerazi dio. Baina txapeldun handiak beti itzultzen dira, eta Kataluniako Voltan estreinatu du bere garaipen zakua.