Author Archives: Marcos Gonzalez

Xabier Euzkitze: ‘Amets Urrutia’

Amets Urrutia

Bizitzaren edozein alorretan ere oso zail gertatzen da gorenera iristea. Lan asko bakarrik ez, aparteko dohain bat ere behar izaten da horretarako, inon ikas eta eros ez daitekeena: berezkoa. Denak bazituen, baditu, Migel Mari Urrutiak. Halere, erremontea utzi eta Mexikora joatea erabaki du, emaztearen familiak egin dion lan eskaintzari baiezkoa emanik. Galarretan lehen partidak jokatzen dituztenek miraz eta inbidiaz begiratu izan diote, eta haiei kosta egingo zaie Saldiastarraren erabakia ulertzea. Baina bai, buruz buru zein atzelari gisa hainbeste distira duen izar handia itsasoaren beste aldera doa, herri txiki batetik munduko hiririk handienera. Aldaketa bortitza, inondik ere.

Erabaki ausart hori edonork ulertuko zukeen kirolari bizitzaren hondarrean hartua izan balitz, erremontista gisa egin beharrekoak eginak balitu. Migel Marik 28 urte besterik ez du, ordea. Sasoirik hoberenean deliberamendu hori hartzeko, espezialitate eder hori bizi izaten ari den krisiari erreparatu beharra dago, ezbairik gabe. Egoera ekonomiko orokorrak nabarmen erasan dio erremonteari. Oriamendi enpresa ahalegin guztiak eta bi egiten ari da, jende gehixeago erakartzea lortu du, baina apustuek ez sinesteko beherakada izan dute, eta horiek ez dira edozein moduz lehenera etorriko. Erdira etorrita ere!

Testuinguru horretan, Urrutia urrutira doa. Bi saski daramatza, badaezpada. Izan ere, Migel Marik ongi daki munduak egunero bira oso bat ematen duela eta, zer gerta ere, itzulerako aterik ez du itxi nahi. Erremontezaleek nabarituko dute pilotari bikain eta mutil zoragarri horrek utziko duen hutsune handia. Hutsuneak hutsune, denek opa diote gauzak ongi joan dakizkiola, hartutako erabakiaz damutu beharrik ez dezala izan. Eta damutuko balitz, beti geratuko zaio Galarreta.

Xabier Euzkitze

Xabier Euzkitze: ‘Abiatzerako herren’

Aimar Olaizola

Aimar Olaizola

Amaitu da urteko azken txapelketa. Final kaxkarrak itxura antzean jokatu zuena gailendu zuen, herrenik gutxien egin zuena. Aimar izan da aurtengo izar gorena, txapel nagusia Xalak irabazi arren. Irujok final bakarra jokatu eta geratzen zitzaion txapel bakarra galdu du. Balantze kaxkarra inork ez bezalako dohainak dituenarentzat. Barriola, berriz, berehala itzuli da elitera, hor dago bere lekua.

Asteartean aurkeztu zuten Binakako Txapelketa. Bi aldaketa mesedegarri sumatu ditut. Aurtengo lehiaketa sistema aurreko urteetakoa baino zuzenagoa da, bidezkoagoa. Denak denen aurka. Garbi. Bestetik, atzerapenen auzian ez dute konponbiderik aurkitu, ez da erraza, baina gutxienez Enpresen Liga behin eta berriz barregarri utzi duen klausula kendu dute. Bikoteen osaketa, ostera, ez zait batere gustatu. Bi enpresek, biek, txapela irabazteari eman diote lehentasuna, orekaren kaltetan. Txapelketa on bat eskaintzea baino gehiago interesatu zaie garaipena, hainbat partida hasterako hautsita egongo badira ere. Gauzak ongi egitea beti da zaila. Borondaterik ez dagoenean, ezinezkoa.

Aspaldiko urteetan hutsik egin gabe ari izan diren bost pilotari bikain falta dira aurten: Beloki, Asier, Ruiz, Pascual eta Gonzalez. Sebastian kanpoan utzi izana gertatu zaigu harrigarrien, nik neuk ez nuen inondik espero. Argi dago gaur egun ezin aurki daitezkeela azkaindarra baino hobeak diren zortzi aurrelari. Gainera, Aspeko lau hoberenetako bat da, nire ustez, baina teknikoek Lasaren alde egin dute trabes. Sebastiani min eman dio binakako txapelketatik kanpo utzi izanak, haren inguruari ere bai. Mina eta amorrua. Bi sentipenak oso ongi ulertzen ditut, baina horien kudeaketan huts egin dute, inguruak bereziki. Xalaren kasuarekin alderatu nahi dute, baina urruneko antzik ere ez du. Erabakia Iparraldearen aurkako erasotzat jo eta boikota sustatzea hankasartze larria da, eta denei egin diezaieke kalte, baina mugaz gaindiko ezker paretari ere.

Xabier Euzkitze