Armstrongi egin diotena ez da bidezkoa

Litekeena da USADAk arrazoi izan eta Lance Armstrong betirako zigortzeaz gain aurrez lortutako garaipenak eta bestelako lorpenak, denak, kentzea. Tartean baita, bistan da, Frantziako Tourrean erdietsitako zazpi garaipenak ere. Nik ez dut zigorra edo dena delakoa zalantzan jarriko. Ustez, oso ikerketa serioa egin du USADAk, behar adina froga eta lekukotza ba omen ditu esaten duenari sendo eusteko. Hala izango da. Baina ez dut uste bidezkoa denik ziklista bati, bakar bati soilik, horrelako jazarpena egitea.

Teorian pertsona oro berdina da legearen aurrean. Bada oinarrizko eskubide hori ez dela bete esango nuke kasu honetan. Ez honetan eta ez azkenaldian ziklismoan izan den beste batzuetan ere. Puerto afera, esaterako. Lasterketa ia ia guztiak nazioartekoak direnez nazioarteko erakunde batek babestu eta arautu beharko lituzke. Kasu honetan Nazioarteko Txirrindulari Elkargoak. Hori da eta ez besterik parte hartzaile guztiek betebehar eta eskubide berdinak izan ditzaten bete beharreko araua.

Zuzena al da Lance Armstrong era batean epaitzea USADAk hala nahi duelako, eta Ullrich, Beloki, Kloden, Basso, Vinokourov, Rumsas eta estatubatuarraren atzetik sailakatu ziren beste hainbat beste era batera euren herrialdeetako erakundeek USADAren inentzio bera ez dutelako? Bidezkoa al da lasterketa berean parte hartu arren, batzuek eta besteek betebehar berdinak ez izatea? Ezetz uste dut.

Ez dakit Armstrgonek legea hautsi zuen ala ez, hori, onerako eta txarrerako UCIri dagokio. Errudun balitz dagokion zigorra merezi du, baina horrelakorik ezin izan dute frogatu. Beraz, kitto. Bakea eta Osasuna.

USADAk Armstrong bizi osorako zigortu eta hari lorpenak kendu badiezaizkioke ere, horrek ez du garai bateko emaitzen gardentasuna ziurtatzen, denak ez direlako neurgailu berarekin neurtu eta hori da, hain justu, lehiaketa ororen berdintasuna bermatzen duen neurri bakarra.

3 thoughts on “Armstrongi egin diotena ez da bidezkoa

  1. pello

    Ez dela bidezkoa diozu. Eta hona arrazoia: bertze ziklista askori ez diote horrelakorik egin. Iruzur galanta egin duen banku-zuzendari bat zigortzea ere bidegabea litzateke zenbait zuzendariri tamaina bereko ikerketarik egin ez diotelako? Izen handiko ziklista franko dago dagoeneko iruzurgileen zerrendan zerorrek dakizun moduan. Ez al da ordua, Xabier, ziklismo profesionala ustelduta dagoela onartzeko eta errotik eraldatzeko?

    Reply
  2. mikel

    USADA bere lana egiten ari da, kirolean berdintasuna egon dadin iruzurgileak destapatzea. Beste herrialdeetako antidoping agentziek beraien lana egiten ez badute azkenean kirolarentzat kalte da, herrialde guztietako kirolariek ez bait dute berdintasunez jokatzen. Sistema ez da justua, baina herrialderen batek ondo egiten badu bere lana, ez da kritikatzeko gauza, gainontzeko herrialdeek adibide bezela hartu beharko luketen zerbait da.
    USADAk Amstrong epaitzeko asmoa bazuen, seguru arrazoi sendoak zituela. Kontua da Amstrong-ek badakiela zer dagoen eta nahiago duela irabazitako guztia galdu eta ahoak ixildu, ezer ez argitu, galdutako garaipen horietan betirako duda gelditu dadin. Badaki epaiketan aterako den kaka guztia bere kalterako izango dela. Nork gogoratzen du Christophe Bassons 1999ko Tourrean? Nork ixilarazi zuen? bai, Armstrong bera izan zen, eta bere horretan jarraitzen du.

    Reply
  3. joseba

    bidezkoa izatearen itxura ez du, denbora joan eta gero egin delako (justizia motela = injustizia) eta, usabiagak diona, arauek guztientzat berdinak izan behar dutelako. ados.

    baina ziklismoak hartu duen kiratsa baieztatzera dator, nolabait, heroi nazional bat zena (dena?) dopinak eraiki duela esaten ari delako USADA. eta horretarako adorea eta gogoa ere behar dira.

    dena den, salbagaitza ote da txirrindularitza profesionala? hain ote dago erraietaraino usteldua? puerto auzia bidezkoa ez zela izan diozu, xabier baina, gero mendi laisterketa batean txirrindulari horietako baten positiboa ez al da azaldu?

    harriduraren mugak hautsiak ditu, niretzat, txirrindularitzak. eta pena dut.

    Reply

Leave a Reply to pello Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *