Buru hainbat aburu

Ez dakit zergatik aritzen garen sarritan irtenbiderik ez duenari irtenbiea topatzen. Gizakion akatsa izango da. Beste bat, beste askoren artean. Tourreko lehen asteko eztabaida nagusia eroriak nola sahiestu izan zen. Baina ez dago irtenbiderik. Ez biribilgune, ez errepide estu eta ez beste arrazoirik, eroriak ziklistek eurek eragiten dituzte inork amore ez emateko griñagatik eta denentzat lekurik ez dagoen tokian sartzen ahalegintzeagatik.

Espainiako Vueltako gaurko etapak antzeko gaia jarri du mahai gainean. Zer egin behar da liderra edota beste gizon garrantzitsuren bat erortzen denean? Erantzunik gabeko galdera da, buru hainbat aburuko gaia. Erori bakoitza desberdina da, bai egoeragatik, bai protagonista edota ondorioengatik ere. Nik uste denok onartzen dugula ez dela ez dotorea ez bidezkoa besteren zorigaiztotik onurarik ateratzea jokoan ezer ez dagoenean. Etapa hasierako erori batetik, esaterako. Baina oso bestelako kontua da karrera garaipenera bideratuta dagoenean. Atzokoa, adibidez. Sahietseko haizearen arriskuaz oharturik, Sky taldea haizebabesa antolatzen hasi zen, eta tupustean txirrindulari asko lurrera joan ziren. Gehienak Movistarrekoak, liderra tartean. Baina Sky taldearen estrategia abian zen ordurako, beraz ez dut arrazoirik ikusten ekin zioten lanari uko egiteko. Hala egingo al zuten eurek Valdezcarayn gora Froome edo Contador edo beste inor erori izan balitz?. Ez dut uste, eta ez lukete egin behar gainera.

Eroriak batzuetan ziklisten baldarkeri edo arreta ezagatik gertatzen dira, edo kasualitateengatik besterik gabe, beraz hala onartu behar dira. Ziklismoak mesede gutxi izango luke zoritxarreko bakoitzean txirrindulariek esfortzuari bizkar eman eta erruki eske hasiko balira.

3 thoughts on “Buru hainbat aburu

  1. Mondejuzale

    Aupa Xabier,

    Ados neok hirekin. Diferentea, ta itsusie, izango zuan Skykok Valverde eroi ta geo hasiko baittuan tiratzen.

    Reply
  2. julen garate

    Betiko kontua. Caja ruraleko bat edo Andaluciako bat erortzen bada ez da itxaroten. Erabat ados nago zurekin. Ez da inoiz gelditu behar

    Reply

Leave a Reply to David Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *