Daily Archives: 24 July, 2012

Tour britaniarra

Ametsa gauzatu da. Bradley Wigginsek irabazi du Tourra. Britaniarrek badute euren titulua, lehenbizikoz. Gazte dohatsuen hautaketak, lan metodo zorrotzak, pazientziak, diruari mugarik jarri ez dion babeslearen borondateak, azken muturreraino eramandako profesionaltasunak, eta bertutez josiriko ziklista batek ahalbideratu dute txirrindularitzan dagoen lorpenik handiena. Bide batez, erreferentzia nagusian bihurtu da txirrindularitza britaniarra.

Britaniarrek oso protagonismo kaskarra izan dute errepideko historian oraintsu arte. Aldian aldian ziklista profesional izateko ametsa zuten abentura zale batzuk agertzen ziren. Eta talamez, haien lorpenak baino gehiago azpimarratu izan da Tom Simpsonen heriotza. Baina orain arte inork ezin izan zuen Sky taldearen pareko egiturarik gozatu, denek Frantziara emigratu behar izaten zuten. Robert Hoban, Michael Wright, Brian Robinson, Robert Millar edota Chris Boardmanek gauza handiak egin zituzten, baina ez dago aurtengoarekin alderatzerik. Zalantzarik gabe historiako urterik onena izan da britaniarrentzat.

Zazpi etapa garaipen lortu dituzte. Hiru Mark Cavendishek, bi Bradley Wigginsek eta bana David Millarek eta Chris Froomek. Tourrak 15 urte zeramatzan herrialde batek 7 garaipen lortu gabe (Frantzia, 1997). Gainera, sailkapen nagusiko aurrenekoa ez ezik bigarrena ere britaniarra izan da. 28 urte ziren horrelakorik gertatzen ez zena, orain hurrena Laurent Fignonek eta Bernard Hinaultek egin zuten 1984an.

Oro har, ez da oso Tour lehiatua izan. Skyk nagusitasun handiegia izan du, eta Bradley Wigginsek ia pitzadurarik ez. Liderra estu har zezakeen ziklista bakarra bere taldekie Froome izan da. Hori da azken urteetako ziklismoaren gaitza, tropela lotu eta liderra babestu behar duten gizonak, erasoa jo behar dutenen parekoak dira. Hori zoragarrai da talde handientzat, baina oso kaltegarria ziklismoarentzat. Lasterketa hil egiten du.

Wiggins ez da indartsuena izan mendian, egia da, baina bai onena, alde handiarekin gainera. Orekatuena izan da. Ez du kokapen akats bat bera ere egin, taldea bere menera izan du une oro, arazoak ondo kudeatu ditu, aparteko urduritasunik gabe, eta batez ere jaun eta jabe izan da erlojupekoan. Aurtengo ibilbidean ezinbestekoa zen hori. Bere korritzeko modu uniformea kritikatzen dutenek, belarria losintxaz goxatzen zioten Miguel Induraini eta hura ere modu berean nagusitzen zen, erlojupekoetan aurkariak kolpatu eta mendateetan eutsita. Bakoitzak dituen bertuteekin jokatzen du.

Baina oso gauza onuragarriak ere izan dira Tour honetan. Frantziako ziklismoaren errekuperazioa Italiako eta Holandoaren krisia bezain bistakoa da. Italiak bi garaipen ziztrin baino ez ditu lortu 2007az geroztik, eta 7 urte zeramaten podiumean inor izan gabe. Egun, Nibali da euren itxaropen bakarra. Holanda, are okerrago dago. 2005az geroztik etaparik gabe daude eta Robert Gesinkek porrot egin du beste behin. Beste maila batean baina Mollemak eta Kruijswijkek ere huts egin dute. Frantziarrek aitzitik, aspaldian egin duten karrerarik onena egin dute. 5 garaipen lortu dituzte, mendiko saria eta bi gizon gazte aurreneko hamarretan, Rolland eta Pinot. Zalantzarik gabe Frantziako ziklismoak zuzendu du bere bidea.

Beti bezala albisterik onenak gazteek eman dituzte. Peter Sagan lehertu da. Izarra da, jada. Ziklista ikusgarria da, erakargarria oso eta bere aniztasunak mugarik gabea dirudi. Esprint handiak irabazi ditzazke, talde txikietan, muinoetan edo ordekan eta lehen mailako mendatetzarrak gaindituta ihesaldietan ere nabarmendu daiteke. Gainera garaipen oro ospakizun bitxi deigarriez hornitzen du eta hori ere ekarpenen zerrendan sartu behar da.
Tejay Van Garderenek lortu duen gazteen saria ere albiste ona da. 1996az geroztik, eta Andy Schleck salbuespen dela, gazteen saria irabazten zutenak hamarren barruan sailkatu ezinik ibili dira. Benoit Salmon, Sevilla, Mancebo, Basso, Menchov, Karpets, Popovych, Cunego eta Rolland, atarian gelditu ziren. Van Garderen bosgarren izan da etapa askotan Evans taldekidearen mesedetan aritu arren. Thibaut Pinot ere hamar onenen artean sailkatu da. Iragarpen ona da.

Ziurrenik etaparik ikusgarrienak txirrindulari beteranoek lortutakoak izan dira. Voeckler, Luis Leon Sanchez, Fedrigo eta Valverde maila bikainean aritu dira gailendutako etapetan, baina beste belaunaldi batentzat beheranzko mugarria erakutsi du aurtengo ekitaldiak. Leipheimerrek, Menchovek eta, akaso baita Evansek berak ere, sailkapen nagusia helburua handiegia dela ikusi dute. Euren jomugak aztertu behar dituzte.
George Hincapieren agurreko Tourra izan da (marka jarri du 17 aldiz parte hartuta), baita Stuart O’Grady, Moncoutie, Vinokourov, eta, akaso, batek daki, Jens Voigtena ere. Aurten oskoletik atera diren gazteek haien lekukoa hartzea komeni da, profesionaltasunaren eredu izan dira-eta urte askotan.