Erabakita

Aurtengo Tourra epai zain gelditu da eta emandako arrazoien eta erakutsitako frogen arabera Wigginsek irabaziko du. Ez dago beste aukerarik. Hala juzgatuko luke herri epai mahaiak, zaleek alegia, denok ikusi baitugu mendateetan eta erlojupekoetan jazo dena. Eta hala ebatziko du lehiaketako epaile bakarrak ere, errepideak.

Wigginsek ukabildaka jo du mahai gainean eta gauzak berak nahi bezala utzi ditu. Uxatu ditu kazetari xaxatilariek sortu nahi zuten eztabaida, alegia lidertza kontuetan Froomekin sesiorik izango ote zuen. Ez da liskarrik izango. Froome Dauphinen baino indartsuago dago eta berak bakarrik hartu lezake estu Wiggins mendateetan, baina atzokoa ikusita otzan aritu beharko du liderraren mesedetan eta aurrez ezarritako egitasmoari men egin beharko dio, alegia taldea sortu zutenetik izan duten asmoari: Wigginsekin Tourra irabaztea.

Aurkariak aldiz depresiotik gertu egongo dira. Ez dute esango baina etsipenaren bisita izango zuten atzo. Wiggins historiaren zerura bidean dela ohartu dira, argi eta garbi, eta Skyk utzitako apurrekin konformatuko beharko dutela. Apur hori podiumeko hirugarren postua izan bide da eta horrek bakarrik pizten du ikusmina oraintxe bertan. Dema horretan, hori bai, ziklista asko arituko dira, Evans, Nibali, Menchov, Haimar Zubeldia (beste behin) eta Van den Broeck ere bai. Buru pittin batekin korritzen badute Wiggins eta Froomen jabetza izango dira lehen bi postuak. Hori bai, iazko Vueltan baino hobeto moldatuko al dira!

6 thoughts on “Erabakita

  1. Ander

    Azkenean diozun horietan dago gakoa Xabier, Wiggins hirugarren astera ea nola iristen den eta Froomekin duen erlazio hori ea nola mantentzen den zeren Sky igandean bezela taldekide gabe geratzen bada kontuz ibili daitezela susto bat edo beste jaso baitezakete oraindik.

    Evans tour bila doa, ez hirugarren postua ziurtatzera beraz ez nuke dudarik izango ihes egingo balu. RadioShack-ek ere ea nola mugitzen duen karrera jende ugari baitu hor aurrean. Polita egon liteke Tourra oraindik.

    Reply
  2. Mikel Arana Toranzo

    @Ander
    nik ere halaxe uste dut markina! kontuz Bagnereseko etaparekin ze Nibaliren eta Evansen arteko aliantza bat ikus dezakegu.

    Reply
  3. felix

    Busti zara Xabier, asko busti ere, asotan eskatzen dizugun moduan. Eta egia da, Tour-a irabazteko faborito nagusia Wiggins dela, baina oraindik orain Tour asko falta da: beste erlojupeko bat (a priori Wiggins-en mesedetan) eta Alpe eta Pirineo guztiak. Mendateetako bi egunetan eta erlojupeko batean ondo ibili izanak ez du esan nahi Froome edo Wiggins egun batean gaizki ibili ezin daitezkeenik (ados, egia da Wiggins-en prestakuntza ikaragarri zaindua dagoela baina…) edota Samuel-i aurten eta duela bi urte Igor Anton-i Vuelta-n gertatu moduan, segundu batetik bestera, sasoi onean egon arren, esperantza guztiak airean joango ez direnik.

    Evans ahaleginduko dela ziur naiz, eta egunen batean edo bestean iruditzen zait Sky-koek nahikoa lan izango dutela bere gurpila jarraitzen (baina egia da, hortik Tour-eko lehen postua Wiggins-i zalantzan jartzera alde handia dagoela). Jaitsieran amaitzen diren etaparen batean euria balego ere argi, 10 eta 16.en etapetan, edota mendatean amaitzen diren baina aurreko jaitsiera arriskutsua bada…

    Eskertzen dut busti izana, benetan! Baina, 9 egunetan erakutsitakoarekin soilik uste dut ezin dela jada 21 eguneko sententzia eman.

    Eta azkenik esan, ez dudala uste Froome-k bigarren postua ziurtatuta duenik, ezta gutxiagorik ere.

    Ondo izan!

    Reply
  4. Ander

    Harrapatu aurretik otsoaren larrua saltzeak galduko hau Xabier, badaezbada 3.asteko nekeen eragiña kontuan hartu beharko huke!!!Evans azeri zarrari ilea joan ta buztana soildu, baña larrua baietz gelditu. Horra hor nere apustua!! Txakoliñ botilla bat ezetz jokatu Xabier!!!!

    Reply
  5. Josu Arotzena

    Kaixo Usabiaga jauna:
    Atzo zein gaur oso ezkor entzuten zaitut. Nibali edota Cadelen taldekideek mugitzen hasiz gero alferrikako lana dela kontsideratuz. Zer egin behar dute ba?
    Eskertuko nizuke, nahiz eta zu profesionala izan eta ni baino jaktunago izan, tonua zertxobait aldatzea, honela adibidez: “Baliteke lorpenik ez izatea baina…” Hartzen duzun orojakile-igerle papera ez da atsegina niretzat.
    Benetan, atzo zein gaur izan diren momentu emozionagarriak zapuztu dizkidazu neurri batean.
    Azkenean atzo katez aldatu nuen ezkortasun hori medio.
    Bide batez zera konturatu naiz TVEk, 5 segunduko atzerapenez emititzen duela.

    Reply

Leave a Reply to felix Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *