Dena ez da zorte txarra

Norbait bere helburuak bete gabe gelditzen denean zorte txarraren aterpean babesten da. Mundu guztiak jotzen du aitzakia horretara eta txirrindularitza ez da salbuespena. Lehen astean gertatzen diren erorikoak bezain sahiestezina da zorte txarraren kontua entzutea. Eta bitxia da, erorikoak batzuetan haiek sahiestu nahi izateagatik gertatzen dira, jende guztiak denentzat lekua ez dagoen lekuan joan nahi izateagatik alegia, hau da, tropel buruan, zalantzarik gabe lekurik seguruenean.

Zorteak zeresan handia du erorikoetan. Ez dut zalantzan jartzen. Batzuetan tupustean gertatzen dira kalteturen batek edo batzuek inolako zerikusirik izan gabe, batere errurik izan gabe. Baina beti ez da kasualitatea izaten. Gogaituta nago ziklista bat bihurguneren batean erortzen denean zorte txarra izan dela entzuteaz. Edo helmugarako 25 metro faltan harrapatzen dutenean patua aipatzea. Edo bihuguneren batean bidea oztopatzen badiote edo gurpiletik ateratzen badute patua izan dela entzuteaz. Ez ditut askotan arinkeriaz esaten diren ebazpen horiek onartzen. Erorien arrazoiak izan daitezke ziklista baten baldarkeria, nekea edo aipatzen ez diren beste hainbat.

Kasualitatea ote da ba Tyler Farrar lurretik altxa ezinik ibiltzea?. Ez ote du, garaipen ziztrin bat lortu gabe urtebete daramalako, erabat konfiantza galdu eta ez ote ditu antsietateagatik kontzentrazio akatsak egiten? Frank Schleck ote da ba munduan zorte txarrik duen ziklista? Gizarajoa edozein bihurguneetan piririka ikusten dugu, egon zorua lehorra edo bustia. Ez ote du zerikusirik bistan duen arazoak eta aurrean oztoporen bat duenean gaizki eta berandu jokatzeak? Zergatik du Robert Gesinkek beti kulotea eta elastikoa hautsita? Zorte txarragatik ote, edo tropelean inoiz kokapen egokirik ez duelako? Beste faboritoen inguruan inoiz ez dabilelako? Zer egiten zuten atzo ere izen horiek guztiek eta beste askok tropel erditik atzera, Wiggins, Evans, Menchov, Sagan, Greipel eta besteak zihoazen ingurutik hain urrun? Badakit ez dagoela denentzat lekurik, baina ziklista handiek aurreran joan behar dute, zerbaitegatik dira besteak baino indartsuagoak eta izaten dute talde osoa euren mesedetan lanean. Zaila da beti aurrean joatea, badakit, esfortzua, ausardia, kontzentrazioa, motibazioa, taldea eta beste gauza asko eskatzen ditu baina ezinbestekoa da horrelako ezbeharrak sahiestu nahi badira, eta batzuetan, neurririk zorrotzenak hartuta ere ekidin ezinak izaten dira.

Baina erori guztiak ez dira beti zorte txarraren ondorioz etortzen. Abilezia teknikoak eta nekeak zerikusi handia dute. Ziklista bat jota dagoenean, kontzentrazioa, erreakzionatzeko gaitasuna eta koordinazioa moteldu egiten dira, nabarmen gainera. Tour honetan ikusi dugu eta beste askotan ere bai. Aitzin etapan Peter Sagan hankaz gora joateko zorian egon zen biribilgune batean, baina oina pedaletik atera eta berau lurrean jarriz sahiestu eroria. Beste norbait zilipurdika ibiliko zen. Saint Quentinera bidean bere aurre aurrean erorikoa izan zen eta inguruan ziren ziklistak arrastaka joan ziren. Saganek ia ia zutik eutsi zion bere buruari. Bizikleta trabeska ibili zuen batera eta bestera, ziklista bat eta bestea sahiestu zituen, eta ozta ozta erori zen baina ez zuen azkazalik ere urratu. Beste norbaitek erietxetik kontatuko zukeen. Saganena trebezia da, beste askok zorte txarra aipatuko zuketen, betiko aitzakia.

Joseba Beloki Gapera bidean erori zenean, Lance Armstrogn zuhur ibili zen eta erabaki zuzena hartzeko argitasuna izan zuen. Oso nekatuta joan izan balitz, jan egingo zukeen. Armstrong bera Luz Ardidenen gora ikusle baten txapelarekin trabatu eta erori zenean Ullrich pott eginda joan izan balitz ezingo ziokeen eroria aurrera hartu. Fresko zihoalako lortu zuen. Nekea, zenbait baldintzatan, erabakigarria gertatzen da.

Indurain, Armstrong, Cipollini, Ullrich, Pantani, Petacchi, Contador eta beste txapeldun asko inoiz gutxitan erortzen ziren eta hori ez da beti zortea alde izaten zutelako. Beste batzuk, beti lurrean dabiltza. Eta ez da beti zorte txarragatik.

2 thoughts on “Dena ez da zorte txarra

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *