Daily Archives: 3 July, 2012

Chapeau Cavendishi

Seguru aski Cavendishek bere kirol bizitzako esprintik zailenetako bat irabazi du gaur Tournain, Tour honetako lehena, karrerako 21. eta lorpen horrek historiako seigarren postua eman dio etapa garaipenei dagokienez. Aurretik ditu Merckx (34), Hinault (28), Leducq (25), Darrigade eta Armstrong (22). Tour honetan bertan gainditu ditzazke aurretik dituen biak. Eta, gauzak ondo, litekeena da Merckxen marka ere haustea. Hori ikusiko da.

Gaurko garaipenarekin egoera berrietara egokitzeko gaitasuna erakutsi du Cavendishek. Cipollini eta Petacchiren modura, talde osoa bere aginduetara izaten ohituta dago Munduko Txapelduna. Eta munduko esprint bideratzailerik onenak ere berak izan ditu, orain aurkari direnak hain justu ere. Atzoko etapa horren lekuko. Tarteko helmugan Gossek eta Renshawk hartu zioten aurrea, biak ala biak bere bideratzaileak izanak. Eta helmugan Greipen izan zuen atzetik, taldekidea hura ere.

Orain ordea ia ia bakarrik dago, Eisel eta Boasson Hagen bakarrik ditu azken kilometroetarako. Eta gaur hori ere ez. Beste esprinter guztiak pelotoi buru buruan ziren bitartean, gehienak Greipelek gurpilean, Cavendish adarrak hausten zebilen tropelaren zurrunbiloan. Nora ezean zegoen, irteteko lekurik gabe. Halako batean zirrikitua ikusi eta Orica-GreenEdgeko baten gurpilari itsatsi zaio. Hark atera du ataka estutik, nahigabean, seguru aski. Aurkariei ez zaie erreztasunik eman behar. Cavendishi are gutxiago. Mugimendu horri esker, bera ere Greipelen parera heldu da, arnasa sakon hartu eta ozta ozta behinik, aurrea hartu dio. Oso esprint ederra eta lehiatua izan da, estua. Bikaina.

Cavendishek gaur bakar bakarrik atera ditu heltzetik babak. Bere talentu guztia jarri du jokoan. Inprobisazioa, ausardia, arriskua, indarra eta abiadura. Garaipenarekin hori bai abiadura moteltzen ari ote zitzaion ahoak isildu ditu. Giroan Guardinik aurrera hartu izanak, eta holandako ZLM Tourrean Kittel birritan, eta Greipel eta Boom aurretik sailkatzeak presio handia eragin dio Munduko Txapeldunari. Gaur baina Munduko onena dela erakutsi du. Ez dago zalantzarik.