Monthly Archives: July 2012

Txirrindularitza eredugarriaren adibide

Alexandre Vinokourovi merezi duen saria emateaz gain, Olinpiar Jokoetako lasterketak ziklismoak ikusgarriagoa izateko izan beharko lukeena erakutsi du, talde handiek ezartzen duten nagusikeriatik ihes egiteko irtenbidea zein den garbi gelditu da. Lasterketa irekia izan da, eta norbanakoaren bertuteak talde ahalmenen gainetik egon dira. Tamalez, gaurkoa bezalako ibilbide gozoan, inoiz gutxitan gertatzen da horrelakorik.

Lasterketak ohiko egitura izan balu, hau da, talde bakoitzak 8-9 lagun izan balitu, ez Vinokourovek eta ez berarekin batera ihesi zihoazen haietako inork ez zukeen merezitako saririk jasoko. Azken 200 metroetan agertuko zen esprinterren bat gailenduko zen. Ordurarteko lana bere talde edo selekzioak egingo zukeen. Garailea Cavendish, Greipel, Sagan, Goss, Boonen edo Boasson Hagen izango zen. Hori da gutxienekoa. Kontua da ibilbide horretan inork ezingo zukeela esprinta sahiestu, eta lastima litzateke txirrindulari handi askoren balioa ikusi gabe geldituko ginatekeen-eta.

Kontua ez da esprinterren aukerak ere galerazten dituen gogortasuna ezartzea, onena espezialista desberdinei antzeko aukerak ematea da. Era horretan asko ugaritzen da garaipenaren jokoan sartzen den txirrindularien kopurua eta horrekin ikusgarritasuna, bakoitzak bere erara jokatzen baitu.

Gaurkoa bezalako karrerekin, garaileak ez du nahikoa indar fisikoa izatea, argi ibili behar du lasterketan, ondo kokatuta, mugitzen jakin behar du, unean uneko erabakiak hartzen, estrategiarekin asmatzen, aztia izaten eta lortu nahi duena erdiesteko dena ematen. Horretan ez da erraza Vinokourov baino adibide hoberik topatzea.

Tour britaniarra

Ametsa gauzatu da. Bradley Wigginsek irabazi du Tourra. Britaniarrek badute euren titulua, lehenbizikoz. Gazte dohatsuen hautaketak, lan metodo zorrotzak, pazientziak, diruari mugarik jarri ez dion babeslearen borondateak, azken muturreraino eramandako profesionaltasunak, eta bertutez josiriko ziklista batek ahalbideratu dute txirrindularitzan dagoen lorpenik handiena. Bide batez, erreferentzia nagusian bihurtu da txirrindularitza britaniarra.

Britaniarrek oso protagonismo kaskarra izan dute errepideko historian oraintsu arte. Aldian aldian ziklista profesional izateko ametsa zuten abentura zale batzuk agertzen ziren. Eta talamez, haien lorpenak baino gehiago azpimarratu izan da Tom Simpsonen heriotza. Baina orain arte inork ezin izan zuen Sky taldearen pareko egiturarik gozatu, denek Frantziara emigratu behar izaten zuten. Robert Hoban, Michael Wright, Brian Robinson, Robert Millar edota Chris Boardmanek gauza handiak egin zituzten, baina ez dago aurtengoarekin alderatzerik. Zalantzarik gabe historiako urterik onena izan da britaniarrentzat.

Zazpi etapa garaipen lortu dituzte. Hiru Mark Cavendishek, bi Bradley Wigginsek eta bana David Millarek eta Chris Froomek. Tourrak 15 urte zeramatzan herrialde batek 7 garaipen lortu gabe (Frantzia, 1997). Gainera, sailkapen nagusiko aurrenekoa ez ezik bigarrena ere britaniarra izan da. 28 urte ziren horrelakorik gertatzen ez zena, orain hurrena Laurent Fignonek eta Bernard Hinaultek egin zuten 1984an.

Oro har, ez da oso Tour lehiatua izan. Skyk nagusitasun handiegia izan du, eta Bradley Wigginsek ia pitzadurarik ez. Liderra estu har zezakeen ziklista bakarra bere taldekie Froome izan da. Hori da azken urteetako ziklismoaren gaitza, tropela lotu eta liderra babestu behar duten gizonak, erasoa jo behar dutenen parekoak dira. Hori zoragarrai da talde handientzat, baina oso kaltegarria ziklismoarentzat. Lasterketa hil egiten du.

Wiggins ez da indartsuena izan mendian, egia da, baina bai onena, alde handiarekin gainera. Orekatuena izan da. Ez du kokapen akats bat bera ere egin, taldea bere menera izan du une oro, arazoak ondo kudeatu ditu, aparteko urduritasunik gabe, eta batez ere jaun eta jabe izan da erlojupekoan. Aurtengo ibilbidean ezinbestekoa zen hori. Bere korritzeko modu uniformea kritikatzen dutenek, belarria losintxaz goxatzen zioten Miguel Induraini eta hura ere modu berean nagusitzen zen, erlojupekoetan aurkariak kolpatu eta mendateetan eutsita. Bakoitzak dituen bertuteekin jokatzen du.

Baina oso gauza onuragarriak ere izan dira Tour honetan. Frantziako ziklismoaren errekuperazioa Italiako eta Holandoaren krisia bezain bistakoa da. Italiak bi garaipen ziztrin baino ez ditu lortu 2007az geroztik, eta 7 urte zeramaten podiumean inor izan gabe. Egun, Nibali da euren itxaropen bakarra. Holanda, are okerrago dago. 2005az geroztik etaparik gabe daude eta Robert Gesinkek porrot egin du beste behin. Beste maila batean baina Mollemak eta Kruijswijkek ere huts egin dute. Frantziarrek aitzitik, aspaldian egin duten karrerarik onena egin dute. 5 garaipen lortu dituzte, mendiko saria eta bi gizon gazte aurreneko hamarretan, Rolland eta Pinot. Zalantzarik gabe Frantziako ziklismoak zuzendu du bere bidea.

Beti bezala albisterik onenak gazteek eman dituzte. Peter Sagan lehertu da. Izarra da, jada. Ziklista ikusgarria da, erakargarria oso eta bere aniztasunak mugarik gabea dirudi. Esprint handiak irabazi ditzazke, talde txikietan, muinoetan edo ordekan eta lehen mailako mendatetzarrak gaindituta ihesaldietan ere nabarmendu daiteke. Gainera garaipen oro ospakizun bitxi deigarriez hornitzen du eta hori ere ekarpenen zerrendan sartu behar da.
Tejay Van Garderenek lortu duen gazteen saria ere albiste ona da. 1996az geroztik, eta Andy Schleck salbuespen dela, gazteen saria irabazten zutenak hamarren barruan sailkatu ezinik ibili dira. Benoit Salmon, Sevilla, Mancebo, Basso, Menchov, Karpets, Popovych, Cunego eta Rolland, atarian gelditu ziren. Van Garderen bosgarren izan da etapa askotan Evans taldekidearen mesedetan aritu arren. Thibaut Pinot ere hamar onenen artean sailkatu da. Iragarpen ona da.

Ziurrenik etaparik ikusgarrienak txirrindulari beteranoek lortutakoak izan dira. Voeckler, Luis Leon Sanchez, Fedrigo eta Valverde maila bikainean aritu dira gailendutako etapetan, baina beste belaunaldi batentzat beheranzko mugarria erakutsi du aurtengo ekitaldiak. Leipheimerrek, Menchovek eta, akaso baita Evansek berak ere, sailkapen nagusia helburua handiegia dela ikusi dute. Euren jomugak aztertu behar dituzte.
George Hincapieren agurreko Tourra izan da (marka jarri du 17 aldiz parte hartuta), baita Stuart O’Grady, Moncoutie, Vinokourov, eta, akaso, batek daki, Jens Voigtena ere. Aurten oskoletik atera diren gazteek haien lekukoa hartzea komeni da, profesionaltasunaren eredu izan dira-eta urte askotan.

Nabarmenegia

Aldian behin txirrindularitzak gertaera bitxiak uzten ditu. Ustez gizonik indartsuenaren maila ezbaian jarri izan dute noiz edo noiz, eta euren taldekideek gainera. Ezaguna da 1985 urteko gertaera. Orduan Greg Lemondek bere bosgarren Tourra irabazten lagundu zion Bernard Hinault bere taldeburuari, nahiz eta estatu batuarra indartsuagoa izan. Hurrengo urtean odolkiak ordainetan eskatu zion Lemondek Hinault ere gailendu zitekeen arren.

Batek baino gehiagok pentsatzen du Miguel Indurainek 1990an hasi behar zuela Tourrak irabazten, hain justu Pedro Delgado bere taldekidearen mesedetan erraiak bota zituen urte hartan. Delgado laugarren izan zen; Indurain 10., garaipenetik urruneni gailendu zitekeela pentsatzeko. Nik behintzat ez dut halakorik uste.

Nik uste azkeneko kasua 1996koa izan zela, Ullrich Riisen mesetan aritu zenekoa. Danimarkarrak irabazi zuen eta alemaniarra izan zuen atzetik.

Baina kasu horiek guztiak gutxi dira aurten ikusten ari garenarekin, batez ere Peyragudesen bizi izan dugunarekin. Chris Froomek erakutsi du Wiggins baino askoz indartsuago dagoela. Gaur oso nabarmena izan da, nabarmenegia. Uste dut, Froomek karrera lehiatzeko eskubidea aldarrikatu nahi izan duela eta mundu guztiari erakutsi nahi ziola gainera. Lotsagabe jokatu du, ez oso modu dotore eta ohikoan, baina bere eskubidea da. Egin zezakeen disimulo apur batekin, baina iazko Espainiako Vueltaren mendekua hartu nahi izan duela esango nuke, hura zuzendariaren baldarkeriaz galdu baitzuen.

Baina Froomen lotsagabekeria baino gutxiago gustatu zait, beste behin, zuzendariaren jokabidea. Froomeri ondo merezita zeukan etapa garaipena lortzea galerazi dio. Askatasuna eman izan baliote Valverde airean harrapatuko zuen, di-da batean, eta duen mailagatik eta egiten ari den lanagatik bidezkoa izango zen bera gailentzea. Hori bai Wigginsi 30 segundotik gora sartuko zizkion eta holakorik ez dute nahi Skykoek. Baina inondik inora ez zien karrerak ihes egingo, Wigginsekin eskuan baitute eta hura ezean hor dago Froome bera. Ez litzateke oso ortodoxoa izango, baina bai bidezkoena eta, batez ere, jendeak eskatzen duena: bi gizonik indartsuenen arteko lehi ireki eta benetakoa.

Froomen bueltak

Chris Froomek mutil jatorra ematen du. Tratuan umila da eta otzana bere lanean. Ez du ematen handinahi askokoa eta bere eginkizunak ondo betez gero asebeteta gelditzen dela esango nuke. Orain arte morrontza lana besterik ez du egin bere kirol bizitza osoan, baina orain arazo bat dauka: lider izateko lain indar dauka. Hori mundu guztiak ikusi du eta bada, ez gutxi gainera, Sky taldeak Wigginsek duen lider estatusa berari ere eman beharko liokeela pentsatzen duenik ere. Riis da horietariko bat. Bestela, iazko Espainaiko Vueltan gertatu zena errepikatzeko arriskua ikusten dute.

Nik ere uste dut Froomek bakarrik jar lezakeela ataka estuan bere taldekidea, beste inork ez. Mendateetan indartsuagoa dirudi, eta ez askoz ahulagoa erloupekoan. Gainera, azken erlojupekoan alde are txikiagoak izango direla esango nuke, azken bakarkako saioan garrantzitsuagoa baita indartsu egotea espezialista izatea baino eta horretan ez dakit nik Froome ez ote den indartsuago egongo. Hori horrela izanik ere ordea, ez dut uste Tourra irabaziko duenik, ohore hori Wigginsek izango duelakoan nago.

Edozein moduz uste dut, Froomen buruan arestian aipatu kontu horiek guztiak bueltaka ibiliko direla. Ziurrenik inoiz aurreikusi ez zuen egoera ari da bizitzen eta askok uste dute aukera hori aprobetxatu egin beharko lukeela. Bera ez da isolatuta bizi, ezinezkoa da Tourrean. Irakurri eta entzungo zituen idatzi eta esan diren kontu horiek denak. Bere inguruak, litekena da, oskola hautsi eta bere bidea jorratu behar duela esango dio. Akaso orain damu izango da iaz taldeko aginduak betetzeagatik Espaiako Vuelta galdu zuelako eta orain gauza berdina gerta lekioke Tourrean. Badaki, bere lana oso ondo eginagatik, bere kontratuan ez dela hori agertuko, garaipenak hartzen direla batez ere aintzat, eta bere kontu korrontea ez dela Wigginsena bezala gizenduko. Eta beharbada ez duela berriz horrelako aukerarik izango Tourra irabazteko eta are gutxiago ohore hori duen lehen britaniarra izateko.

Ziur naiz, berak nahi ez arren, bihotz taupadek gidoia hautsi eta berea egiteko eskatuko diotela, baina, buruak aldiz, ideia horiek baztertzeko eta agindutakoa zintzo betetzeko erakutsiko diotela. Beste behin.

Erabakita

Aurtengo Tourra epai zain gelditu da eta emandako arrazoien eta erakutsitako frogen arabera Wigginsek irabaziko du. Ez dago beste aukerarik. Hala juzgatuko luke herri epai mahaiak, zaleek alegia, denok ikusi baitugu mendateetan eta erlojupekoetan jazo dena. Eta hala ebatziko du lehiaketako epaile bakarrak ere, errepideak.

Wigginsek ukabildaka jo du mahai gainean eta gauzak berak nahi bezala utzi ditu. Uxatu ditu kazetari xaxatilariek sortu nahi zuten eztabaida, alegia lidertza kontuetan Froomekin sesiorik izango ote zuen. Ez da liskarrik izango. Froome Dauphinen baino indartsuago dago eta berak bakarrik hartu lezake estu Wiggins mendateetan, baina atzokoa ikusita otzan aritu beharko du liderraren mesedetan eta aurrez ezarritako egitasmoari men egin beharko dio, alegia taldea sortu zutenetik izan duten asmoari: Wigginsekin Tourra irabaztea.

Aurkariak aldiz depresiotik gertu egongo dira. Ez dute esango baina etsipenaren bisita izango zuten atzo. Wiggins historiaren zerura bidean dela ohartu dira, argi eta garbi, eta Skyk utzitako apurrekin konformatuko beharko dutela. Apur hori podiumeko hirugarren postua izan bide da eta horrek bakarrik pizten du ikusmina oraintxe bertan. Dema horretan, hori bai, ziklista asko arituko dira, Evans, Nibali, Menchov, Haimar Zubeldia (beste behin) eta Van den Broeck ere bai. Buru pittin batekin korritzen badute Wiggins eta Froomen jabetza izango dira lehen bi postuak. Hori bai, iazko Vueltan baino hobeto moldatuko al dira!

Dena ez da zorte txarra

Norbait bere helburuak bete gabe gelditzen denean zorte txarraren aterpean babesten da. Mundu guztiak jotzen du aitzakia horretara eta txirrindularitza ez da salbuespena. Lehen astean gertatzen diren erorikoak bezain sahiestezina da zorte txarraren kontua entzutea. Eta bitxia da, erorikoak batzuetan haiek sahiestu nahi izateagatik gertatzen dira, jende guztiak denentzat lekua ez dagoen lekuan joan nahi izateagatik alegia, hau da, tropel buruan, zalantzarik gabe lekurik seguruenean.

Zorteak zeresan handia du erorikoetan. Ez dut zalantzan jartzen. Batzuetan tupustean gertatzen dira kalteturen batek edo batzuek inolako zerikusirik izan gabe, batere errurik izan gabe. Baina beti ez da kasualitatea izaten. Gogaituta nago ziklista bat bihurguneren batean erortzen denean zorte txarra izan dela entzuteaz. Edo helmugarako 25 metro faltan harrapatzen dutenean patua aipatzea. Edo bihuguneren batean bidea oztopatzen badiote edo gurpiletik ateratzen badute patua izan dela entzuteaz. Ez ditut askotan arinkeriaz esaten diren ebazpen horiek onartzen. Erorien arrazoiak izan daitezke ziklista baten baldarkeria, nekea edo aipatzen ez diren beste hainbat.

Kasualitatea ote da ba Tyler Farrar lurretik altxa ezinik ibiltzea?. Ez ote du, garaipen ziztrin bat lortu gabe urtebete daramalako, erabat konfiantza galdu eta ez ote ditu antsietateagatik kontzentrazio akatsak egiten? Frank Schleck ote da ba munduan zorte txarrik duen ziklista? Gizarajoa edozein bihurguneetan piririka ikusten dugu, egon zorua lehorra edo bustia. Ez ote du zerikusirik bistan duen arazoak eta aurrean oztoporen bat duenean gaizki eta berandu jokatzeak? Zergatik du Robert Gesinkek beti kulotea eta elastikoa hautsita? Zorte txarragatik ote, edo tropelean inoiz kokapen egokirik ez duelako? Beste faboritoen inguruan inoiz ez dabilelako? Zer egiten zuten atzo ere izen horiek guztiek eta beste askok tropel erditik atzera, Wiggins, Evans, Menchov, Sagan, Greipel eta besteak zihoazen ingurutik hain urrun? Badakit ez dagoela denentzat lekurik, baina ziklista handiek aurreran joan behar dute, zerbaitegatik dira besteak baino indartsuagoak eta izaten dute talde osoa euren mesedetan lanean. Zaila da beti aurrean joatea, badakit, esfortzua, ausardia, kontzentrazioa, motibazioa, taldea eta beste gauza asko eskatzen ditu baina ezinbestekoa da horrelako ezbeharrak sahiestu nahi badira, eta batzuetan, neurririk zorrotzenak hartuta ere ekidin ezinak izaten dira.

Baina erori guztiak ez dira beti zorte txarraren ondorioz etortzen. Abilezia teknikoak eta nekeak zerikusi handia dute. Ziklista bat jota dagoenean, kontzentrazioa, erreakzionatzeko gaitasuna eta koordinazioa moteldu egiten dira, nabarmen gainera. Tour honetan ikusi dugu eta beste askotan ere bai. Aitzin etapan Peter Sagan hankaz gora joateko zorian egon zen biribilgune batean, baina oina pedaletik atera eta berau lurrean jarriz sahiestu eroria. Beste norbait zilipurdika ibiliko zen. Saint Quentinera bidean bere aurre aurrean erorikoa izan zen eta inguruan ziren ziklistak arrastaka joan ziren. Saganek ia ia zutik eutsi zion bere buruari. Bizikleta trabeska ibili zuen batera eta bestera, ziklista bat eta bestea sahiestu zituen, eta ozta ozta erori zen baina ez zuen azkazalik ere urratu. Beste norbaitek erietxetik kontatuko zukeen. Saganena trebezia da, beste askok zorte txarra aipatuko zuketen, betiko aitzakia.

Joseba Beloki Gapera bidean erori zenean, Lance Armstrogn zuhur ibili zen eta erabaki zuzena hartzeko argitasuna izan zuen. Oso nekatuta joan izan balitz, jan egingo zukeen. Armstrong bera Luz Ardidenen gora ikusle baten txapelarekin trabatu eta erori zenean Ullrich pott eginda joan izan balitz ezingo ziokeen eroria aurrera hartu. Fresko zihoalako lortu zuen. Nekea, zenbait baldintzatan, erabakigarria gertatzen da.

Indurain, Armstrong, Cipollini, Ullrich, Pantani, Petacchi, Contador eta beste txapeldun asko inoiz gutxitan erortzen ziren eta hori ez da beti zortea alde izaten zutelako. Beste batzuk, beti lurrean dabiltza. Eta ez da beti zorte txarragatik.

Izena, izana baino gehiago

Igandean amaitu zen Eurokopa, hainbeste interes sortu ohi duen selekzioen arteko Europako futbol txapelketa. Asko espero izaten du jendeak horrelako torneo baten atarian, kontinente zaharreko jokalari onenak elkartzen baitira bertan, eta lau urtean behin besterik ez delako jokatzen Eurokopa. Erakargarritasun handia izaten dute halako txapelketek, xarma berezi bat. Dena den, eta arrazoi ezberdinen ondorioz, torneo hauen benetako futbol maila ez da esperotakoaren parera iristen askotan; izen handia bai, baina izanetik gutxiago izaten dute. Halako zerbait gertatu da amaitu berri den 2012. urteko Eurokoparekin ere.

 balotelli

Gaur egungo futbol profesionala zorrotza da oso, bereziki goi mailako taldeetan diharduten jokalarientzat. Aurten, Europako txapelketetako azken kanporaketetara iritsi diren taldeetako jokalariek 60 partida inguru jokatu dituzte irailetik maiatzera bitartean. Gehiegi. Eurokopa bezalako txapelketa bati ekiteko karga fisiko zein psikologiko handiegia da hori. Pentsa nola iritsiko ziren Chelsea, Bayern, Real Madril, Bartzelona edota Athletic bezalako taldeetako jokalariak, hainbeste hilabetetan zehar lehia bizian aritu ostean. Leher eginda. Fisikoki eta, batez ere, psikologikoki. Goi mailako lehiaketak asko exijitzen du-eta. Jokalari gehienak euren sasoi puntu onenetik urrun iristen dira beraz Eurokopa eta Mundialetara, eta ezinezkoa egiten zaie mailarik onenean aritzea.

 

Hori gutxi balitz, bada selekzioen arteko txapelketei batere mesederik egiten ez dien beste arrazoi bat ere: talde izaera lantzeko zailtasuna, hain zuzen ere. Urtean oso gutxitan elkartzen dira selekzioak, oso entrenamendu gutxi egiten dituzte elkarrekin, eta gehienek ez daukate talde izaera hori behar bezain beste lantzeko nahikoa astirik. Egia da Espainia, Italia edota Alemania bezalako selekzioek talde bereko hainbat jokalari dituztela eta horrek asko errazten dizkietela gauzak zentzu horretan, baina gehienek ez daukate abantaila hori. Selekzioarekin jokatzea egokitzen zaienean besterik ez dira elkartzen, urtean lauzpabost aldiz, eta modu horretan oso zaila da talde sendo bat osatzea.

 

Aipatutako bi egoera horiek nabarmen eragiten dute Eurokopa eta Mundialen kalitatean. Kalterako, noski. Nahikoa da Ukrania eta Polonian jokatu berri den txapelketako partidei begiratu bat ematea horretaz jabetzeko. Jokatu diren 31 partidatatik zenbat izan dira benetan onak? Esku bakarreko hatzekin konta genitzake.

Chapeau Cavendishi

Seguru aski Cavendishek bere kirol bizitzako esprintik zailenetako bat irabazi du gaur Tournain, Tour honetako lehena, karrerako 21. eta lorpen horrek historiako seigarren postua eman dio etapa garaipenei dagokienez. Aurretik ditu Merckx (34), Hinault (28), Leducq (25), Darrigade eta Armstrong (22). Tour honetan bertan gainditu ditzazke aurretik dituen biak. Eta, gauzak ondo, litekeena da Merckxen marka ere haustea. Hori ikusiko da.

Gaurko garaipenarekin egoera berrietara egokitzeko gaitasuna erakutsi du Cavendishek. Cipollini eta Petacchiren modura, talde osoa bere aginduetara izaten ohituta dago Munduko Txapelduna. Eta munduko esprint bideratzailerik onenak ere berak izan ditu, orain aurkari direnak hain justu ere. Atzoko etapa horren lekuko. Tarteko helmugan Gossek eta Renshawk hartu zioten aurrea, biak ala biak bere bideratzaileak izanak. Eta helmugan Greipen izan zuen atzetik, taldekidea hura ere.

Orain ordea ia ia bakarrik dago, Eisel eta Boasson Hagen bakarrik ditu azken kilometroetarako. Eta gaur hori ere ez. Beste esprinter guztiak pelotoi buru buruan ziren bitartean, gehienak Greipelek gurpilean, Cavendish adarrak hausten zebilen tropelaren zurrunbiloan. Nora ezean zegoen, irteteko lekurik gabe. Halako batean zirrikitua ikusi eta Orica-GreenEdgeko baten gurpilari itsatsi zaio. Hark atera du ataka estutik, nahigabean, seguru aski. Aurkariei ez zaie erreztasunik eman behar. Cavendishi are gutxiago. Mugimendu horri esker, bera ere Greipelen parera heldu da, arnasa sakon hartu eta ozta ozta behinik, aurrea hartu dio. Oso esprint ederra eta lehiatua izan da, estua. Bikaina.

Cavendishek gaur bakar bakarrik atera ditu heltzetik babak. Bere talentu guztia jarri du jokoan. Inprobisazioa, ausardia, arriskua, indarra eta abiadura. Garaipenarekin hori bai abiadura moteltzen ari ote zitzaion ahoak isildu ditu. Giroan Guardinik aurrera hartu izanak, eta holandako ZLM Tourrean Kittel birritan, eta Greipel eta Boom aurretik sailkatzeak presio handia eragin dio Munduko Txapeldunari. Gaur baina Munduko onena dela erakutsi du. Ez dago zalantzarik.