Wiggins, historia egiteko prest

Britania handiko ziklismoa Tom Simpsonek 1967an izandako amaiera tristeagatik da batez ere ezaguna. Beste hamaika lorpen erdietsiagatik memoriak gertaera malapartatu hartara jotzen du beti. Wigginsek Tourra irabazten badu, hura itzalean gelditu da, Skykoak historia egin dezake-eta. Hori bai, garaipenaren bidean oztopo eta aurkari asko gainditu beharko ditu. Honatx Tourra irabazteko faborito eta podiumaren lehian ibiliko diren ziklistak.

Cadel Evans: Iazko garailea da eta errespetua merezi du. Ez da ohi duen bezain urte borobila egiten ari baina Dauphine Liberen erakutsi du gora egiten ari dela. Hirugarren amaitu zuen eta etapa bat irabazi. Hango erlojupekoan denbora asko galdu zuen Wiggins arerio nagusiarekiko, baina ez iaz baino askoz gehiago (iaz 1’09’’, aurten 1’43’’). Gainera geroztik gora egingo zuen seguru eta bete betean helduko da Liegera. Bere ehuneko ehunean egotea ordea nahikoa ote du aurten gailentzeko? Tourra irabazi izanak egoera zailak kudeatzeko eskarmentua eta tenplea emango dio, inork ez duen abantaila. Inoiz amore ez ematea eta kemena gainezka izatea ere bere aldeko ezaugarriak dira.

Bradley Wiggins: Hasiera batean faborito nagusia dirudi. Korritzen duen karrera ia oro irabazten ari da. Bost itzuli korritu ditu aurten. Katalunian erretiratu egin zen, Algarven 3. izan zen eta beste hirurak irabazi egin ditu, Paris-Niza, Romandia eta Dauphine. Pitzadurarik gabea dirudi bere sendotasunak. Erljupean ohi bezain bikain dabil, eta mendateetan hobera egin du, nabarmen. Prestatzaile australiar batekin ari da orain. Tim Kerrison izena du eta orain arte igerilariak prestatu ditu eta filosofia aldaketa handia eragin dio. Batetik urte osoan ehuneko 95 inguruan egotea da helburua, inoiz asko makaldu gabe. Orain arte lortu du, horregatik gailendu da hainbeste aldiz. Bestetik, lehen, ehuneko 7 inguruko penditza zuten mendateetan ibiltzen zen ondo, orain baita ehuneko 13ko portzentaia dutenetan ere. Aldapa gora 12 minutuko serieak eginaz hobetu omen du hori. Eta beroari egokitzeko ere baldintza beroak itxuratu ditu gorputza ohitzeko.

Izan duen bilakaera, konfiantza eta taldea ditu bere alde. Kontra, berriz, sasoiari orain bezain betean eutsiko ote dion zalantza. Bere zuzendari Sean Yates ziklista ohiak esa ndu, oraindik ez duela sapaia jo, Tourrean, Dauphinen baino sasoi hobean izango dela. Iritzi berekoa da, Briam Holm, bere zuzendari ohi eta egun Lotto taldeko zuzendaria. Hori hala bada, bera gailenduko da.

Vincenzo Nibali: Espainaiko Vuelta irabazitako gizona da eta Giroan birritan izan da hirugaren. Orain, Tourreko podiuma ezagutu nahi du. Aukeran dago, mendateetan ondo eta erlojupekoan ez baita gaizki moldatzen. Evans eta Wiggins baino koska pare bat beherago dago, baina podiuma lor dezakeen helburua du.

Frank Schleck: Urte txarra du iazkoa errepiaktzeko, podiumean sartzeko alegia. Iaz, 42,5 kilometro baino ez zituzten egin erlojupean, aurten bikoitza baino gehiago. Bakarkako lanean galduko duen atzerapena ezingo du inondik inora mendateetan errekuperatu. Taldean duen giro txarrak ere ez dio asko lagunduko bere onena ematen. Ez dut podiumean ikusten.

Levi Leipheimer: Seguru aski freskoen bera helduko da, denboraldi hasieran, Euskal Herriko Itzuliaren bezperan izan zuen erori eta ondorengo lesioagatik. Suitzan mendateetan hobeto ibili da erlojupekoan baino, eta hori da harrigarria, bere espezialitatea baita. Seguru aski prestaketaz labur antzean ibili delako izango da, eta gorputza doitzen badu ibilbideak berriro podiumean sartzeko aukera ona eskainiko dio. Adina, 38 urte, izango du kontra.

Samuel Sanchez: Euskaltelgoak lan ona egingo du, ziur. Prestaketarekin beti asmatzen du eta Tourrean urtetik urtera gora egiten ari da. 7. 2008an, 2010ean laugarren eta iaz seigarren baina etapa garaipena eta mendia lortuta. Aurten ere etapa garaipena eta sailkapeneko postu ona ditu helburu eta biak bateragaitzak ez, baina biak lortzea oso zaila da. Etapa irabazteko, beste batzuen askastasun pittin bat behar du buruz buruko lehian ez delako onena, baina sailkapen nagusian ondo egonda ez da izaten asktasun handirik. Edozein moduz, ez da jomuga lortzetik aparte ibiliko.

Jurgen Van den Broeck: Ez du distira handirik, ez da ezertan onena, baina erregularra da eta hiru astetako itzulietako gizon peto petoa. Hiruretan sailkatu da lehen hamarretan: Vueltan 8, Giroan 7 eta Tourrean 5. Orain bi urte. Dauphinen bosgarren izan da eta Tourrerako prest dagoela ikusi da. Podiuma izango du buruan, baina garesti izango du aurten ere.

Robert Gesink: 22 eta 23 urterekin 7 eta 6. Izan zen hurrenez hurren Espainiako Vueltan. Izugarrizko itxaropena piztu zuen eta Tour gizontzat hartu zuten 2010ean, 24 urterekin 6. Sailkatu zenean. Baina beti badu zerbait. Ez da batere segurua. Aurten ere Californiako Itzulia irabazi eta Suitzan, hobera egin beharrean, behera egin zuen, 4. Sailkatuta. Ibilbideak ere laguntzen ez dionez, podiumean ez du lekurik izan bide.

Ryder Hesjedal: Giroa irabazi zuen, baina hori ezer bada nekearen bermea izaten da Tourrean. Konfiantza gehiago izango du, garaipenaren lehian ibiltzearen egoera errazago eramango du, baina gorputzean daraman jipoia ez dio inork kenduko. Oso erregularra eta arnasa luzekoa da eta horri esker aurreko hamarretan ibil liteke, baina podiumerako freskoago egon beharko luke batetik, eta erlojupekoetan hobeto ibili bestetik.

Denis Menchov: Tourrean hirugarren, laugarren eta seigarren egina da, Vuelta birritan eta Giroa ere irabazi ditu, baina iraganetik ez dago bizitzerik. Lehengo ziklistaren aztarnarik ez dauka. Errusiako erlojupekoa irabazi berri du, 2009az geroztik lortu duen bakarra. Aurten lehiatu dituen itzulietan Andaluzian bakarrik sailkatu da aurreneko hamarretan, 4. Asko hobetu beharko du lehengo postuetara itzuli nahi badu.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *