Daily Archives: 10 June, 2012

Zalantza

Bradley Wiggins Sky taldeko txirrindularia.Bradley Wigginsek hanka bakarrarekin irabazi du Dauphine Libere. Ez zaio hausporik ere berotu. Nahieran ibili da, eta nahi izanez gero aurkariak hankapean izango zituen. Ordea, zuhur jokatu du, ez du, erlojupekoan salbu, erakustaldirik eman. Hori bai, bere nagusitasuna argi eta garbia izan da.

Orain zalantza da egun duen sasoiari eutsiko dion Tourra amaitu bitartean. Hobera egitea zail dirudi, baina orain bezala ibiltzearekin nahikoa izan lezake gailentzeko. Izan dira historian berea baino erakustaldi handiagoak Dauphinen, baina haietako ia bakar bat ere ez da ageri Tourreko palmaresean. Dauphineko eta Tourreko datuak gurutzatu egiten dira, hots, Dauphinen goian ibilitakoak behera egiten du Tourrean, eta alderantziz.

Wigginsek patu hori onartu beharko duen edo ez ikusteko dago, baina badira beste garaile batzuekiko desberdintasunak eta aipagarriak dira Tourrean egin dezakena aztertzeko. Batetik Wigginsen garaipenak erlojupekoan izan du oinarria. Ez du mendateetan gora erasoka ibili beharrik izan, eustea nahikoa izan du, eta izan diren eraso apalak bere taldeak aparteko estuasunik gabe lotu ditu. Eroso ibili da. Bestetik aurtengo ibilidea ez da oso gogorra izan. Horren guztiaren ondorioz Wigginsek ez du duen guztia erakusteko premiarik izan, ez da indarrez hustu. Hori kontutan hartzeko datua da, erabakigarria. Izan ere Dauphinen erraiak botaz ibiltzen direnei garaia baino lehenago ximeltzen zaizkie indarrak Tourrean, askotan etapa erabakigarritan.

Andy Schleck esan duenez berarentzat oraindik ere Cadel Evans da Tourrerako faborito nagusia, australiarra bere sasoiaren ehuneko 80an dagoelako eta ingelesa aldiz ehuneko 110an. Hori horrela bada, eta litekeena da hala izatea, Wigginsek ere fisiologiaren legeari men egin eta behera egin bide du Uztailean, baina biak ala biak Tourrean ehuneko ehuenan gurutzatzen badira, uste dut britaniarra gehiago izango dela. Wiggins nahieran dabil aurten, eta daraman denboraldiari esker lortu duen irmotasunak pitzadurarik gabea dirudi. Itxura batean ezerk ezin du segurua dirudien garaipena galerazi. Beharbada ezta historiak ere.