Goitik beherako ziklista

Jon Izagirrek balentria egin du Giroan 16.etapa Falzesen irabazita, Dolomitetan. Bere ibilia ikusita edozeinek esango luke 23 urte eta goi mailan bi urte baino ez daramatzala. Hasi berria baino kirol honen ezagutza erabatekoa duen maisu beterano jakintsua ematen du. Ihesaldiak usaindu eta bikain errematatzen dituen ziklista da.

Jonek badu anaia bat, Gorka, bera bezala Euskaltelen dabilena eta oso antzeko dohainak dituena, zalantzarik gabe aitarengandik jasoak izango dituzte, hura ere, Joseramon, ziklista izan baitzen eta birritan ziklo-kroseko Espainiako Txapeldun gainera. Ba biak ala biak, Jon eta Gorka, goitik beherako ziklistak dira, ogibide honek beharrezkoak dituen ezaugarri guztiak dituztenak. Ukitu berezia dute eta horri esker azkar ikasi dituzte lanbide honen martingala gehienak. Kirol maila ona dute, baina hori azken batean naturak eman eta norberak landu behar du. Horretaz gain ordea besteetatik bereizten dituzten ezagurri batzuen jabe ere badira. Urrutira gabe, badira euren taldean eurak baino dohain fisiko hobeak dituztenak, baina ez dira hain ziklistak.

Jon Izagirre. Argazkia: EFE

Jon Izagirre. Argazkia: EFE

Gaurkoa ez da Jon Izagirre nabarmendu den lehen aldia. Iaz Tirrenon, onenen inguruan ibili zen ibilbide gaizto askoan. Aurten Gante-Wevelgem klasiko handian nabarmendu zen. Hasieratik ihes egin eta helmugatik 15 kilometora harrapatu zuten. Bikaina izan zen bere jarduera, berarentzat oso egokia ez den ibilbidean nabarmendu baitzen, zaildu gabe dagoen esparruan. Paris-Roubaix ere duin amaitu zuen. Eta Giroa baino lehentxeago, Asturiasen, estreinatu zuen bere palmaresa erlojupekoa irabazita.

Gaurkoa ordea aparta izan da. Hasierako ihesaldi batean sartu da. Zerbaitek esana izango dio aurrera egin zezakeen taldea zela hura. Ez baita lehen ahaleginean sortu ihesaldia, lehen ordubetetan jo eta jo aritu eta 50 kilometro egin dituzte baina alferrik. Geroxeago suertatu da ihesaldi ona eta han zen Jon Izagirre. Begiz jokatu du gaur ere.

Amaieran, etapa garaipena euren jokoa zela ohartu denean, indarrez, kemenez eta jakituriaz jokatu du. Aldapan gora indarra behar da, aurkariak gainean direla amore ez emateko kemena eta ibilbideak duen zailtasunera indarrak ondo orekatu eta eraginkorra izateko jakituria. Jonek horiek denak ditu eta eskarmentua bereganatzen duenean are emaitza hobeak lortuko ditu.

1 thought on “Goitik beherako ziklista

Leave a Reply to Iñigo Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *